Ametsak segitzeari gorazarre
‘Bete beti zure ametsak’ ipuina argitaratu du Betzaida Urtazak (Legorreta, 1988). 2023ko azken lana izango da. Bihar Itsasondoko liburutegian egingo du ipuin-kontaketa, 17:30ean.
Betzaida Urtaza, Amesgile argitaletxeko azken lanekin. //Argazkia: Laida Goiburu Urte amaierarekin batera, 2023ko azken lana argitaratu berri du Amesgile argitaletxeko Betzaida Urtaza (Legorreta, 1988) idazleak. Bete beti zure ametsak izeneko ipuina da. Senari, desirei eta nahiei jarraitzearen garrantzia azpimarratu du Margherita Grasso ilustratzailearekin batera ondutako lanean.
Grasso-rekin lan egin duen bigarren aldia da, Braveness ahizpak eta altxorra lana ere berak ilustratu baitzuen. Oraingoan Maule da protagonista. Bere ametsa dantzaria izatea da. Bere bizipenak, beldurrak, sentsazioak…islatu nahi izan ditu Urtazak ipuinean: «Ikasturte amaierako emanaldia izango du eta beldurra izango du, baina aitonak hitz magikoak kontatuko dizkio eta horri esker aurrera egingo du», azaldu du. Ametsak segitzeari gorazarre egin dio, «desirei eta nahiei jaramon egin behar» zaiela nabarmenduta.
Maiuskulaz idatzia dago, eta QR kodea dauka txertatuta, ipuin kontaketa entzuteko aukera eskaintzen duena. Dantza gai nagusietako bat denez, musika ere entzun daiteke kodearen bidez. «Flamenkoa, jazz-a, euskal dantzak…denetarik dago». Aniztasunean ere jarri du fokua. Idazlea bera «asko hunkitzen» duen gaia da: «Ni naiz. Altxor bat gara amaren sabelean gaudenetik, eta ezberdinak. Bakoitzak dauzkagu amets eta desira ezberdinak».
Gaur Segura Irratian egingo du lan berriaren aurkezpena, 12:30ean, eta bihar, berriz, ipuina kontatuko du Itsasondoko liburutegian, 17:30ean.
Azkena, ez bakarra
Aurtengo azken lana izango da. 2023ko azken sei-hilabetean, halere, beste hainbat lan argitaratu ditu Urtaza buru den Amesgile argitaletxeak: Pello Añorga idazle oiartzuarrak idatzitako eta Aitziber Alonso ilustratzaileak ilustratutako Unaxen ahatea ipuina; Lua Hidalga Unzuetak idatzitako Mateo misteriotsua eleberria edota Zuriñe, Urtazak idatzitako eta Mirari Sagarzazuk ilustratutako euskal mitologiaren inguruan ontzen ari diren bildumaren bigarren ipuina.
Azokaz azoka dabil liburuak saltzen. Larunbatean, Zegamako San Martin azokan izango da. Bertan eskuratu daitezke liburuak, eta baita Amesgileren webgunean ere.
Guztira, zortzi
Mahare azkarra izan zen euskal mitologiaren inguruko lehen ipuina. Irailean argitaratu zuten Zuriñe, bigarrena. Azken horretan, Behe Nafarroa landu dute, sorginak protagonista izanik. Urtero bana argitaratuko dute, Euskal Herriko lurralde banarekin, eta orokor bat. Guztira zortzi izango dira. Pozik agertu da, «arrakasta» izaten ari delako.












