0-3 urteko haurrentzako txokoa irekiko dute gaur Zumarragako jubilatuen egoitzan
Helburua neguan haurrei eta gurasoei toki bat eskaintzea da eta martxoaren 15era arte egongo da zabalik, asteburuetan
Lepaka guraso elkarteak eskatuta eta udalak bultzatuta, Zerkik 0-3 urteko haurrentzako eta beraien guraso eta zaintzaileentzako aisialdi zerbitzua eskainiko du gaurtik aurrera Zumarragako Gure-Txoko jubilatuen egoitzako laugarren solairuan. Zerbitzua martxoaren 15era arte eskainiko da: ostiraletan 16:30etik 20:00etara eta larunbatetan eta igandetan 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Helburu nagusia, 0-3 urteko haurrek eta gurasoek negu garaian elkartzeko toki bat izatea da. Tokia adin horietako haurren eta gurasoen beharretara egokitu dute, noski. Proba egingo dute eta lehen ikasturtearen ondoren balorazioa egingo dute, zerbitzuarekin jarraitu edo ez erabakitzeko eta jarraitzea erabakitzen badute, hobekuntzak egiteko. Urretxu eta Zumarragako 0 eta 3 urte bitarteko haur eta guraso guztiak Txiki-Txokora gonbidatu dituzte.