Arnasetik bideo lehiaketaren publikoaren saria, Zaldibiara
Lardizabal Herri Eskolako LH6ko ikasleek egindako 'Txokorako bidea' bideoak jaso ditu boto gehien. 500 euroko saria jaso dute, hainbat produktutan bonu bidez gastatzeko.
Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioaren sariak banatu zituen atzo iluntzean Bergarako Seminarixoan egin zen ekitaldi jendetsuan. Sari nagusienetako bat, publikoaren boto bidez ematen dena, Zaldibiako Lardizizabal herri eskolako LH6 mailako ikasleek irabazi dute Txokorako bidean izeneko bideoarengatik. Zaldibiako Osinberde ur-jauzian grabatutako bideo bat da. Publikoaren saria hautatzeko bozketa-epea 4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da. 500 euroko saria jaso dute, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, ihes gela desberdinetarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan gastatzeko bonuak izango dira.
Ekitaldia Amaia Ruiz de Galarreta eta Esti Curielek gidatu zuten, eta sariak ematen, bi goierritar izan ziren: Martin Aramendi Uemako lehendakari eta Ataungo alkatea, eta Aitor Aldarosoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde beasaindarra. Beste sari-emaileak Paula Kasares Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen zuzendaria eta Eider Usobiaga Bergarako Euskara zinegotzia izan ziren.
Sormena eta gogoeta
Lehiaketa euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko. Arnasa Gara Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. 2024ko edizioan 260 lan jaso dira, aurreko edizioan baino 148 gehiago. Denera 40 udalerritako ikasleek hartu dute parte, eta Zaldibia izan da Goierrikoen artean bakarra.
Hamar ikastetxetako lanak finalean
Sei sari banatu ziren: kategoria bakoitzeko bat (LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4 kategoriak), publikoaren saria eta Bergarako Udalaren sariak (guztira bi). Arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten hamar ikastetxetako lanak izan dira finalistak: Bergara, Berriatua, Lekeitio, Lesaka, Zumaia, Azkoitia, Gaztelu, Zarautz, Ondarroa eta Zaldibiako gazteek sortu dituzte lan hauek. Sariak azkenik, Berriatuako, Bergarako, Azkoitiako, Ondarroako eta Zaldibiako ikasleentzat izan dira.
- DBH 3-4 kategoria: Ondarroa BHI ikastetxeko ikasleak (Bizkaia), Leokadi lanarengatik.
- DBH 1-2 kategoria: Azkoitia BHI ikastetxeko ikasleak (Gipuzkoa), Gabon maiteak bideoarengatik.
- LH 5-6 kategoria: Berriatuako HLHI ikastetxeko ikasleak (Bizkaia), Elizpeko arbola lanarengatik.
- Publikoaren saria: Zaldibiako Lardizabak eskolako LH6ko ikasleak (Gipuzkoa), Txokora bidea bideoarengatik.
- Lau sari nagusi horiez gain, LH5-6 mailan Bergarako Aranzadi ikastolakoek herri bideo onenaren saria jaso zuten, DBH 3-4 kategorian Bergarako Mariaren Lagundia ikastolako ikasleek.
Arnasa Gara proiektua eta arnasguneak
Arnasetik bideo lehiaketa Arnasa Gara proiektuaren barruan dago. Uema, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektua da eta helburutzat du arnasgune diren udalerriei dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena. Arnasa Gara kanpainak balioa eman nahi die herri horiei, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik.
Eguneroko mintzajardun arruntetan bertakoen artean euskara nagusitzen den gune soziogeografikoak (auzoa, herria, eskualdea, harana…) dira arnasguneak. Arnasguneetan euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen ohi da familia gehienetan (gurasoen eta haurren artean); eta euskaraz hitz egiteko arau sozialak du indarra.