Saharar herria gogoan
Saharar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenaren 49. urteurrena ospatuko dute gaur. Ormaiztegiko Sahara Krosean bildutako 6.911 euroak Saharako elkartasun proiektuetara bideratuko dituzte.

Gaur beteko da Saharar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapena egin zeneko 49. urteurrena. Ia mende erdiaren ondotik, borrokan jarraitzen dutela adierazteko maratoia egingo dute gaur, beste behin, aljeriar lurretan dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetan. Ormaiztegin ere keinu bat egin zioten asteburuan gertakari honi, 16. aldiz antolatu duten Sahara Krosarekin. Lehiaketa baino gehiago, elkartasuneko ekintza bat da Ormaiztegiko lasterketa, eta bertan jasotako diruaren zati bat Saharan proiektu ezberdinak diruz laguntzeko erabiltzen da urtero. Aurten, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan dauden emakume ekintzaileei zuzendutako proiektu batera bideratuko dute bildutakoa.
Errepublika aldarrikatu zenetik igaro diren 49 urte hauetan «denetarik» gertatu dela gogoratu du Garazi Hach Embarek ormaiztegiar-sahararrak, «gerra, su etena, berriro beste gerra bat…». Saharar herrialdearen egoerak, ordea, orain 49 urtekoaren antzekoa izaten jarraitzen du, baina Donald Trumpek AEBetako hauteskundeetan lortutako garaipenarekin nazioarteko politikak hartu duen norabideak bereziki kezkatzen du Hach Embarek. «Mendebaldeko Sahararen gatazkak deskolonizazio arazo bat du oinarrian; besteak beste, bere garaian Espainiak kudeaketa delegatu ziolako, baina ez subiranotasuna. Trumpek bere aurreko legealdian saharar herriaren gaineko subiranotasuna Marokori onartzen ziola esan zuen, 2020an Israel eta Arabiar Emirerri Batuen arten —tartean Maroko— sinatutako Abraham akordioaren bitartez».
Nazioarteko politika
Orain, hauteskundeak irabazita, «Marokok indar gehiago hartu du AEBen ustezko babesak hauspotuta eta hori dagoeneko ikusi egiten da Mendebaldeko Saharan», dio. Abraham akordioaren gerizpean Marokok Israelekin harremanak estutu dituela dio, «gaur egun Marokon irekitzen ari diren enpresa berrietako asko Israeldar jatorrikoak dira». Hori gutxi balitz, Saharar herriari Marokoren menpeko autonomia bat ematearen aldeko jarrerak ere nagusitzen ari dira. «Hasieran egiten zen galderetako bat zen independentziaren aldeko hautua edo autonomiarena. Gaur egun, zenbait herrialdek eta lehenengo lerroan Espainiako zenbait politikarik —PSOEkoak bereziki— autonomiaren aldeko hautua oso barneratuta dute eta hori oso kaltegarria da guretzat. Nazio Batuen Erakundeak independentziaren aldeko erresoluzioaren aldeko jarrera dauka oraindik, baina hitzez soilik».
Denarekin, borrokarako «gogoak eta beharrak» tinko dirau sahararren gogoan. «Ezin dugu etsi. Gauzak oso itsusi daude kanpo politikan; kolonialismo berri baten aurrean gaude, eraldatutakoa, baina kolonialismoa. Hala ere, ez dugu itxaropena galtzen. Gainera, zor diegu borroka hau hasi zutenei, borroka honetan joan zaizkigunei eta oraindik borroka honetan gaudenoi», amaitu du.

Hach Embarek saharar errefuxiatuen kanpalekuetan Euskal Herriko eta bertako lagun taldearekin.