Ura, urtegitik etxeetara, araztegitik igarota
Legazpiko aurtengo Erreka Egunak Barrendiolako ur araztegia bisitatzeko aukera eskaini die partaideei. Ura etxeetara iritsi aurretik igarotzen duen prozesua ezagutu zuten bertan
Aurtengo Erreka Egunean Urola ibaia garbitu zuten herritarrek bisita gidatua egin zuten Brinkola auzoan dagoen Barrendiolako ur araztegira. Urtegiko azpiegiturak ikusi ondoren, araztegian urarekin burutzen duten prozesua eta lan egiteko moduak ezagutu zituzten. Bi azpiegiturak Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen ditu.
Barrendiolako urtegia 1981. urtean jarri zuten martxan, 1.482.000 metro kubiko ur gordetzeko ahalmenarekin. Bertako urarekin 30.000 biztanle inguru hornitzen dira, Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio eta Itsasoko biztanleak. Horrez gain, Goierriko sistemak daukan kontsumo beharrei laguntzeko ere erabiltzen da.
Araztegia, 1988koa
Baina ura etxeetara iritsi aurretik, urtegitik metro gutxitara dagoen araztegitik igarotzen da, behar dituen tratamenduak jasotzeko. Barrendiolako Edateko Uren Araztegia 1988koa da.
Araztegia egin aurretik, Barrendiolako ura eta udaletxe bakoitzak zituen ur hartune propioetako ura udal deposituetan sartzen zen tratamendurik jaso gabe. Orduan udalak arduratzen ziren ur hori kloratzeaz eta kudeatzeaz.
Orain, urtegian biltegiratutako ura araztegian tratatzen da, herritarrengana ur edangarria helarazteko. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko teknikaria eta Goi Urolako organizazio burua den Aitzol Kortajarenak azaldu du zein den prozesua: «Sartzen den ura ozonizazio fase batetik pasatzen da bertako metalak oxidatzeko helburuarekin. Ondoren koagulatzaileak eta flokulatzaileak gehitzen dira, urak dakartzan partikulak pisua daukaten flokulu bilakatzeko. Dekantagailutik pasatzerakoan, uretatik bereizi egiten dira partikula horiek. Ondoren, ura iragazten da azken partikulak kentzeko eta kloroa gehitzen zaio, azken desinfekzio prozesua egiteko. Amaitzeko, tratatutako uraren biltegira eramaten da ura».
Araztegitik deposituetara
Horren ondoren, ura araztegitik irteten da eta herri bakoitzean dauden deposituetara eramaten da. «Legazpin hiru depositu daude, Zumarragako bi depositu hornitzen dira Barrendiolatik, Urretxuko bakarra, Ezkioko bi, eta Itsasoko beste bi», azaldu du Kortajarenak.
Deposituetatik etxeetara doan uraren kudeaketaren ardura udalena da. Legazpin, Ezkion eta Itsason Gipuzkoako Ur Kontsortzioak egiten du uraren ziklo integralaren kudeaketa, «hitzarmen bat dago udal horien eta kontsortzioaren artean horretarako». Urretxun eta Zumarragan, berriz, kudeaketa horretaz Aquarbe enpresa arduratzen da.
Uraren zikloari amaiera emateko, Urretxu eta Zumarragako lurretan kokatuta dagoen Zuringoain Hondakin Uren Araztegia dago. 2000. urtean martxan jarri zuten, eta Kortajarenak azaldu duenez, «Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko udalerrietatik datozen ur zikinak jaso eta tratatzen dira han, Urola ibaira ur garbia isuriz».
Ur Kontsortzioaren ardura
Gipuzkoako Ur Kontsortzioa udalerrietan uraren kalitatea eta kantitatea bermatzeko lan egiten duen entitatea da. Alta sareko hornidura eta saneamenduaren kudeaketaz arduratzen da, kasu honetan, Barrendiolako urtegiaz, araztegiaz edota Zuringoaineko ur zikinen araztegiaz. «Udalen neurrira eginiko ur kudeaketa integraleko zerbitzua eskaintzen dugu, Uraren Ziklo Osoaren zerbitzua emanez». Legazpin, Ezkion eta Itsason bezala.
«Hiru herri horietan, gure gain hartzen dugu hornidura eta saneamendu zerbitzuarekin zerikusia duen guztia». Hala, abonatuen kudeaketa eta hornidura eta saneamendu sareen mantentze lanak egiten dituzte. Uraren analisia ere egiten dute, «edatekoarena eta hondakin urarena», eta obra hidraulikoak ere bai. «Gainera, gure bazkideei eta bezeroei aholkularitza ematen diegu Uraren Ziklo Integralarekin lotutako guztiari buruz». Honetaz aparte, urak hartzen direneko ingurune fisikoa ere babesten dute, «uraren kalitatea bermatzeko».
Kortajarenak nabarmendu duenez, «Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren konpromisoa da ura aurreztea eta arrazionaltasunez erabiltzea, baita ingurumena errespetatzea ere».













