Ateak Ireki egitasmoan, izen-ematea zabalik
Aurreko edizioetako Ateak Ireki ekimenean parte hartu duten euskal familietako gazteei aukera emango zaie 2026an Amerikako Estatu Batuetako euskal Udaleku programara begirale bezala joateko.
Idiazabalen egin zieten harrera 2025eko Ateak Irekiko parte hartzaileei.Loinaz Agirre. 2026ko Ateak Ireki egitasmoa martxan da beste urtebetez. Ipar Ameriketako euskal komunitateko gazteei Euskal Herrira etorri eta euskal kulturan murgiltzeko aukera ematen dien egitasmoa da Ateak Ireki.
Laugarren urtez jarraian, 2026ko ekainaren 27tik uztailaren 19ra, 18 eta 25 urte bitarteko euskal estatubatuar gazteak Goierrira etorriko dira hiru astez, eta bai gazte zein familientzat izena emateko epea zabalik dago azaroaren 30era arte, Ateakireki.eus webgunean.
Goierriko gazteak AEBra
Aurten bada berrikuntza bat: 2023, 2024 eta 2025ean Ateak Ireki ekimenean parte hartu duten euskal familietako gazteei aukera emango zaie Amerikako Estatu Batuetako euskal Udaleku programara begirale bezala joateko. Gazte hauek ere izena eman dezakete webgunean.
Ateak Irekiren helburu anitzak
Ateak Ireki Batzen Fundazioak antolatzen du; Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Goieki (Goierriko garapen agentzia) dira babesleak. 2024az geroztik, NABO (North American Basque Organizations) federazioaren programa ofiziala ere bada.
Ateak Ireki egitasmoak euskal diasporako eta Euskal Herriko familia eta gazteak saretzen ditu hiru asteko egonaldi batean. Goierri eta inguruko harrera familiek gaztea etxean hartu eta gure kulturara hurbiltzen laguntzen die. Astean zehar, Lazkaoko Maizpide euskara barnetegian euskara eskolak eskaintzen dizkiete; horrekin batera, hainbat dira egiten diren irteerak bai Bizkaira, Iparraldera, Nafarroara…
Datorren hilabeteetan Goierriko hainbat herritan hitzaldiak koordinatuko dira informazio gehiago zabaltzeko helburuarekin.












