«Euskal pizkunde berri bat egongo bada, aisiari garrantzia eman behar zaio»
Oinherri eta Udaleku elkarteak herrien izaera hezitzailea indartzeko ekinbideak sustatzen ari dira zenbait udalerritan; prozesu bizi horretan ikertzaile ari da Azurmendi, aisialdi eredu bat ardazteko definizioaren bila.
Josune Azurmendi ikertzaile zegamarra. Jon Urbe / FOKU «Hezkuntza eskolaz harago komunitatean eraikitzen den zerbait bada, ezinbestekoa izango da aisia ere definitzea: Euskal Herrian sustatu nahi dugun aisia hori zer den esatea». Eusko Ikaskuntzak ikerkuntza sustatzeko abian duen programaren barruan hautatutako ikerlanetako baten helburua horixe da, hain justu ere: «Aisia euskaldun, hezitzaile eta inklusiboa definitzea». Josune Azurmendi Telleria ari da langintza horretan (Zegama, Gipuzkoa, 1994). Euskal Kulturan Eragiletza masterra egiten ari da Mondragon Unibertsitatean, eta martxan duena izango da ikastaroa amaitzeko lana.
Komunitate zabal batean ondo trinkotuta egingo du. Izan ere, Oinherri elkarteak, Udaleku elkartearekin batera, herrien izaera hezitzailea sustatzeko egitasmo bat abian du zenbait udaletan: Lesakan (Nafarroa), Agurainen (Araba), Lekeition, Markiñan (Bizkaia), Hernanin, Oiartzualdean (Gipuzkoa) eta Ziburun (Lapurdi). Horietan guztietan datozen hilabeteotan egingo duten lan martxari atxikita —«paraleloki» — egingo du bere azterlana Azurmendik. Gogora ekarri du aisiaren garrantzia, «eskubide bat» delako: «garapen pertsonal eta komunitarioan» hazteko bidea ematen duten eremuetako bat. Aldiz, aisialdi horren ezaugarriak ondo definitzen ez badira, hori ere «produktuaren edo kontsumoaren» mende guztiz geratzeko arriskua dago.
Hezkuntza formalak, era batera edo bestera, egin du bere bidea euskalduntzearen bidean. Aisialdiaren eremuan ia dena dago egiteko, ezta?
Nik uste dut pixka bat norabidea galduta gabiltzala. Euskal pizkunde berri bat egongo bada, hezkuntzari, eta bere horretan aisiari garrantzia eman behar zaio, eta jakin behar dugu zer balio transmititu nahi ditugun, zer euskalduntasun eredu… Euskal Herriko testuinguruan definizio hori eraikitzea, aisia euskaldun, hezitzaile eta inklusiboa definitzea, etorkizuneko hazi bat ereitea da. Gero, aisia mota hori Euskal Herriko hainbat herritan sustatzen bada, hazi hori zaintzen ariko gara, euskararen eta euskal kulturaren biziberritze hori loratzeko bidea egiten.
Oinherri lanean hasia da hainbat udalerritan. Hortik jaso ahal izango den informazioak berebiziko garrantzia izango du ikerketa osatzeko?
Bai, urtarrilaren 31n Hernanin egin genuen lehenengo topaketa; proiektuan sartuta dauden udal guztietako eta aisia elkarteetako kideak etorri ziren, eta Oinherrik bere esparru teorikoa aurkeztu zuen. Egitasmorako prestatu dugun adierazle sistema ere erakutsi eta aurkeztu zitzaien herritarrei. Orain, hilabetez hilabete, lanketa bat egingo dute udal horietan, adierazle sistema hori hartu eta aisia euskaldun, inklusibo eta hezitzailea ea beren herrian baden edo ez den ikusteko. Gero, ekintza planak egingo dituzte, ikusteko nola hobetu dezaketen hori guztia. Ekainean Ziburun elkartuko gara, horri guztiari bukaera bat emateko, eta herrietan ikusitakoak partekatzeko. Prozesu honetan, era berean, saretze bat izango da, Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko saretze bat. Hori bera ja oso garrantzitsua da. Zeren eta bakoitza bere bidetik badoa, ez dago bateratasunik, eta, benetan eraiki nahi badugu aisia mota hau, eta benetan euskarari eta euskal kulturari bere indarra eman nahi badiogu, eta euskal nortasun hori eraikitzeko bidean bagaude, ezinbestekoa izango da saretze hori.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.













