Goierri Rallyesprintaren 10. edizioa abiatzeko prest
Bihar, autoen egiaztapenak egingo dituzte, 17:30ean. Rallyesprinta larunbatean izango da, eta 10:00etan hasiko da. Lasterketarekin lortzen duten dirua Lazkaoko Ikastolari emango diote Kilometroak antolatzen laguntzeko. Albistean, partaideen zerrenda; tartean hemezortzi goierritar.
Goierri Rallyesprintaren aurkezpena, atzo arratsaldean, Lazkaoko Malantza tabernaren aurrean.Manex Usarralde Garmendia Hamargarrenez Goirri Rallyesprinta antolatu dute. Ibilbideak Lazkaomendi, Zaldibia eta Gaintza zeharkatuko ditu. Eneko Nazabal, Zaldibiako rally gidariak eta antolakuntzako kideak adierazi duenez 72 autok parte-hartuko dute, hamar edizioetako gehiena.
Hemezortzi pilotu eta kopilotu goierritar aterako dira, eta horien artean lau emakume daude: Lucia Duran eta Itxaro Estanga zaldibiarrak, Maier Altuna ordiziarra eta Alazne Goena Lazkaomendikoa. Rally gidariak zaldibiarren partaidetza handia aipatu du: “Sei zaldibiar aterako gara: Gaizka Mendizabal, Aimar Etxeberria, Itxaro Estanga, Lucia Duran, Ekhi Mendizabal eta ni neu”.
Bihar, autoen egiaztapenak egingo dituzte, Lazkaon. Lasterketa, berriz, larunbatean izango da, eta 10:00etan hasiko da.
Elkartasun lasterketa
Nazabalek adierazi du, rallyesprinta egin duten 10 alditan, beti, elkartasun lasterketa izan dela: “Aurten lortzen ditugun irabaziak Lazkaoko ikastolari emango dizkiogu Kilometroak antolatzen laguntze asmoz”.
“Sei zaldibiar aterako gara: Gaizka Mendizabal, Aimar Etxeberria, Itxaro Estanga, Lucia Duran, Ekhi Mendizabal eta ni neu”
“Aurten lortzen ditugun irabaziak Lazkaoko ikastolari emango dizkiogu, Kilometroak antolatzen laguntze asmoz”
Eneko Nazabal, Goierri Rallyesprinteko antolakuntzako kidea eta partaidea
Ikastolak boluntarioak bilatzen lagundu die. Antolakuntzako kidearen hitzetan, “horrelako ekimenetarako boluntario jendea bilatzea zaila izaten da”.
Zaldibian bideak itxita
Goierri Rallyesprinta Zaldibiatik igarotzen denez herrian hainbat aldaketa eta bide itxiera eragingo ditu. Lasterketan lau aldiz pasako dira autoak Zaldibiatik: Lehena, 9:30etik 11:10era. Bigarrena, 11:30-13:10. Hirugarrena, 14:30etik 16:10era. Eta azkena, 16:30-18:10. Baita ere, Nañarri eta Ibai-Ondo etxebizitza blokeen artean ezingo da aparkatu martxoaren 13 iluntzetik. Lasterketa ibilbidean zehar bizi direnek antolakuntzarekin hitzartuko dituzte sarrerak eta irteerak, 688642894 zenbakira deituta.
Zaldibiako Udalak trafiko antolaketan egongo diren aldaketak azpimarratu ditu. Santa Fe kalearen noranzkoa aldatuko dute, eskolako aparkalekutik eta Mariaundiñetik behera daude aparkalekuetatik ateratzeko. Egun horretan ezingo da Mediku-etxetik plazara sartu. Artxanberri kaleko noranzkoa aldatuko dute Estankoko bidegurutzetik aurrera, garajeetara uneoro sarrera-irteera bermatzeko.
Garraio publikoari dagokionez GO01 lineako autobusa Biloreko geltokira iritsiko da, bidaiariak bertan hartuz eta utziz.














