
Zahartu ahala gure bizitza herrian egiten jarraitzeko aukera izan dezagun ingurunea hobetzea dakarren proiektua da Euskadi Lagunkoia. Zumarragak eta Ordiziak badute euren egitasmoa; Idiazabal ere sarera batu da orain gutxi. Adinekoek nahiz mugikortasun zailtasunak dituzten herritarrek gizartean aktiboki parte har dezaten bermatzeko egitasmoa da herri lagunkoiena, horretarako ingurunean beharrezko diren aldaketak eginez. Nazioartean onarpen zabala duen Age-friendly Environments Programme egitasmoan oinarriturik garatu du Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmoa. Oro har, zahartu ahala nork bere bizimodua autonomiaz egiten jarraitzeko moduko herriak izatea da helburua eta horretarako herritarren inplikazioa sustatu nahi dute. Herrietako egiturak eta zerbitzuak berrantolatzea indartu du egitasmoak, behar eta ahalmen guztien neurrietara egokituz. Bizi kalitatea hobetzeko ahaleginean, inguru soziala moldatzeak ere badu garrantzia. Norbere jarrera aldatuz eta keinu txikiz, beharra dutenen bizitza asko hobetu daitekeelako. OME-ko Hiri eta Komunitate Lagunkoien Munduko Sarean kide dira 250 herri baino gehiago; tartean Idiazabal, Ordizia eta Zumarraga. Idiazabalen lau batzorde Egitasmoak zertan datzan azalduz eman diote hasiera egitasmoari Idiazabalen eta ekintza lagunkoiak martxa jarriz programa garatzeko lau batzorde ere sortu dituzte. Joan den ekainean batu ziren Euskadi Lagunkoia Sustraietatik egitasmora, hala sortu zen Idiazabal Lagunkoia. Ioritz Imaz alkateak herrian kohesio soziala sortzearen garrantzia nabarmendu zuen herri langunkoi titulua jaso zuenean Donostiako Aquariumean [...]






