
Etzegarateko mendatean zazpi benta edo taberna izan ziren, duela urte gutxi arte. Horietatik hiru ziren Idiazabalgo partekoak: Alai, Ongi Etorri eta Buenos Aires. Etzegarateko Bentaren oinordekoak ziren. Alai bakarrik dago zabalik. Etzegarateko errepidea 1851n eraiki zuten, Donostiako merkatariek eta handikiek Gipuzkoaz haraindiko salmentetarako bultzatuta. Espainiako Gobernuak egin zuen, eta ez, ohi bezala, Gipuzkoako Diputazioak (estatuak 1869an eman zion probintziari). Ordu arteko Nafarroarako bidearen aldean —Urtsuaran barrenetik zihoan—, berehalako eragina ekarri zuen errepide berriak: Idiazabalen Kale Berria (oraingo Kale Nagusia) gorpuztu zuen, eta Etzegaraten benta ireki zuten. Goierriko mendate horretan berealdiko zerbitzu gunea sortu zen, kaminoaren inguruan, Antonio Berasategi historialari idiazabaldarrak jasota duenez: bentak, diputazioaren arbitrio edo zerga-biltze etxeak, kamineroenak, guarda etxeak, mikeleteena, basozainena… Errepideak zekarren mugimenduak eman zion pultsua Etzegarateko bizitzari, urte gutxian. Denborarekin, eta errepideko joan-etorriak ugaritu ahala, bentak eta tabernak ugaritu ziren: Etzegarateko Benta 1853an, Urrizti (1898an bazen, 1917 arte gutxienez), Diegorenea edo Igartzandietako benta (Diego Aldasorok 1853an eskatu zuen txabolan etxea egiteko baimena), Buenos Aires (1931n atzeko baserri zaharrean; hura erori egin zen), Ongi Etorri (1955 aldera), Alai (1977an)… Horiez gain, Altsasuko lurretan beste lau baziren: Alaska, Aizkorri, Ulaiar eta Leku Ona. Bakarra geratzen da irekita orain mendate osoan: Alai. Etzegarateko Benta Etzegarateko Benta Idiazabal eta Seguraren [...]






