Dementzia mota ezberdinak dituzten gaixoak artatzeko Arangoitin egin duten unitate psikogeriatrikoa inauguratu dute eguerdian. Urtarrilaren 2tik dago irekita gune berria, eta poliki-poliki joan dira gaixoak iristen azken egunetan. Guztira, 15 gaixorentzako lekua dago. Inaugurazio ekitaldian izan dira Besaingo Udaleko eta Foru Aldundiko ordezkariak, Juan Beldarrain arkitektoa eta herriko elkarte ezberdinetako kideak. Ohorezko aurreskua dantzatu ondoren moztu dute zinta Koldo Agirre alkateak, Txelo Perez Diputazioko Mendekotasun Saileko zuzendariak eta Beldarrainek. Egoitzan zehar bisitatxoa egin dute, eta Beldarrainek eraikinaren inguruko datuak eman ditu. Erabiltzaile bakoitzak bere logela izango du, komun eta guzti, eta gune komunez gain, sukaldetxoa eta terrazak eraiki dituzte. Dena, erabiltzaileen erosotasuna kontuan hartuta eraiki dutela azaldu du Beldarrainek. Sukaldeari, adibidez, armairu itxura eman diote, gaixoak mugimenduarekin eta zaratarekin ez ikaratzeko. Eraikin berria Arangoiti egoitzari erantsita dago, eta 2007an hasi ziren eraikitzen. Krisiak eraginda atzeratu da horrenbeste irekiera, goizean Beldarrainek berak azaldu duenez.