Emarrock ekimena eta Zuloak dokumentala direla eta, azkenaldian zeresan handia ari dira ematen emakume musikariak. Goierrin ere badira neskez osatutako musika taldeak. Horietako bat da Dhuna. Talde hori Irati Badiola zegamarrak, Nerea Iztueta gabiriarrak eta Ane Arrieta segurarrak osatzen dute. Hiruak 1988koak dira, eta lagunak aspalditik. Badiola zegamarra da taldeko alma materra. 16 urte inguru zituenean hasi zen lehen kantak sortzen eta bakarlari bezala kontzertu pare bat egin ditu azken urteetan. Iazko udan beste bi neskekin batu eta etxeetan entseguak eginez hasi ziren esperimentatzen, bakoitzak jotzen zekien instrumentuetatik, talderako egokienak aukeratuz. Horrela sortu zuten Dhuna taldea.