Han eta hemen, lan berriak eskuetan, azken aldian sarritan entzuten dugun izena da Patxi Zubizarretarena. 50 eta Mundua baloi batean lanak argitaratu berri ditu; Uda minean negua dokumentalaren gidoilari lanetan ere aritu da. Euskal Filologia ikasketak bertan amaitu zituenetik, Gasteizen bizi da Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964). Hala ere, lotura estua mantentzen du Goierrirekin. Sortzaile emankorra da goierritarra, etengabe proposamen berriak oparitzen dituena. Haur eta gazte literaturan oparoa, helduentzako nobelan ere harribitxi politak uzten ari da. Itzulpengintzan jardundakoa da, batez ere mundu arabiarreko lanak euskaratzen. Euskal idazleak «durangitisak» harrapatzen dituen honetan, bere azken lanaren aurkezpenean tartea egin dio GoiBerri aldizkariari. Dagoeneko bi hamarkadatik gora daramatza idazten Patxi Zubizarretak; 1993an Bapore saria eskuratu eta literatura ogibide egiteko hautua egin zuen. Geroago etorri ziren Lizardi, Euskadi Saria, Mikel Zarate… baina, irabazi ez dituenak askoz gehiago direla nabarmentzen du berak. Bolada luzearen ondorengo uzta jasotzen ari da aurten ; hilabetetako ezkutuko ahaleginaren ordaina, bere lana argia ikusten ari delako. Joan zen astean bertan aurkeztu zuen Donostiako Elkar Aretoan Mundua baloi batean (Elkar, 2014) azken haur literatura lana, maiatzean eskuratu zuen Mikel Zarate literatur sariari esker argitaratu duena. Duela aste gutxi, bestalde, helduentzako 50 (Txalaparta, 2014) eleberria aurkeztu zuen «hiru artista patetiko, peripatetiko eta apatiko» [...]
Gaur goizean aurkeztu du liburua Elena Odriozola ilustratzailearekin batera