Nire lekua nesken taldean dago
Zenbait gora behera izan ondoren, aurtengo denboraldian ere Ordiziako neskak geure kluba defendatzen ibili dira Euskal Herriko errugbi zelaietan. Jokalari falta dela eta, Hernaniko neskekin elkartu behar izan dute astebururo jokatu ahal izateko behar adina neska juntatzeko. Denboraldia ez da erraza izan, taldea oraindik berria da eta neskak euren artean ezagutzen ari dira. Asteroko entrenamenduen... Read More
Zenbait gora behera izan ondoren, aurtengo denboraldian ere Ordiziako neskak geure kluba defendatzen ibili dira Euskal Herriko errugbi zelaietan. Jokalari falta dela eta, Hernaniko neskekin elkartu behar izan dute astebururo jokatu ahal izateko behar adina neska juntatzeko.
Denboraldia ez da erraza izan, taldea oraindik berria da eta neskak euren artean ezagutzen ari dira. Asteroko entrenamenduen bitartez eta asteburuetako partiduak direla eta, neskak geroz eta konfiantza handiagoa dute elkarrengan eta geroz eta talde helduagoa sortzen ari da. Patxi Garmendiaren ardura da neskak zuzentzea eta barrutik ezagutzen du talde honen bilakaera.
– Nola jaso zenuen denboraldi erdian nesken entrenatzailea izateko gonbita?
ORE errugbi taldea beti izan dut bihotzean. Eskolako taldeak entrenatu ondoren, Jon Txurrukarekin (Txofo) hitz egin eta 2. plano batera pasa nintzen. -10, -12 eta -14 taldeekin bizitakoa izugarria izan zen. Abenduan Txofori aipatu nion klubari esku bat botatzeko prest nengoela eta aukera batzuk aurkeztu zizkidan. Ordurako Txofo nesken taldea entrenatzen ari zen eta ezin izan zuen bi egunetan nik ordezkatu nuen. Beti gustatu izan zait zelaian jokalariekin batera egotea eta faltan botatzen nuen zerbait zen. Horregatik, Txoforengana joan eta ea neska taldea astean bi egunetan entrenatzea posible izango zen galdetu nion eta erantzuna baiezkoa izan zen.
– Proposamenari baiezkoa emanda, zein izan zen zeure buruari jarri zenion helburu nagusia?
Gure klubeko entrenatzaile guztiek helburu nagusi berdinak ditugu, ORE-ren ADN-a maila guztietan berdina delako eta gure jokalariei hori transmititzen saiatzen gara. Joko azkarra, liberazio azkarrak, jokalari azkarrak nahi ditugu eta baloiak hegan egin behar du. Beroketan koordinazioa landu eta eskuak ondo berotzen ditugu zelaira ehuneko ehunean ateratzeko. Jokalariek lehenengo unetik jarrera paregabea erakutsi zuten eta pixkanaka guztion lanaren bitartez helburuak lortzen joan gara.
– Euskal ligan zenbait taldek jokatu ahal izateko beste talde batzuekin elkarlanean aritu behar izan dira, horien artean Ordizia. Alde honetatik zein da hurrengo denboraldietarako planteamendua?
Aurtengo esperientzia oso ona izan da, baina taldearekin hitz egin eta hurrengo denboraldirako beste erronka batzuk jarri nahi ditugu. Talde gaztea dugu eta ahal badugu, aurten ez bada hurrengo urtean, euskal ligako talde propio bat osatu nahi dugu. Gure erara jokatu, Madrid edo Valladolid bezalako hirietara irteerak egin Azken finean errugbiak eskaintzen digunak gozatu. Klubaren aldetik konpromisoa handia da eta seguru nago proposatzen ditugun erronka hauek betetzeko gai garela.
– Orokorrean nola baloratuko zenuke aurtengo denboraldia?
Denboraldia oso ona izan dela esango nuke, talde sendo bat eraikitzen ari gara eta jendeak geroz eta gehiago disfrutatzen du. Pena da seveneko txapelketa jokatu behar zenean COVID-19ak kolpatu gaituela eta bertan behera gelditu dela. Jokalariak sevenera jokatzeko irrikan zeuden eta gainera taldean jokalari oso bizkorrak ditugu, modalitate honetarako aproposak.
– Datorren denboraldi berrirako talde moduan ze urrats jarraitu beharko lirateke?
Lehen aipatu dudan moduan, hurrengo denboraldian jarraitu beharreko urratsak nahiko garbi daude. Helburu nagusia errugbia bizitzea da, entrenamenduak disfrutatu Orokorrean, bai jokalariak eta baita taldea ere pixkanaka heldutasuna irabazten joan.
– Hurrengo denboraldiari begira zer esango zenieke neskei orain arte bezala lanean jarrai dezaten?
Aurretik ORE-n urte paregabeak bizi izan ditut gaztetxoak entrenatzen, eta aurtengoa nesken taldearekin ere izugarria izan da. Neskak, hurrengo urtean disfrutatzea tokatzen zaigu! Aitor, Felix eta nik lanean jarraituko dugu eta klubaren babesa ere izango dugu. Denak gure taldeaz harro egongo dira dudarik ez izan. Eta nola ez, inguruko jendea animatu, seguru ez direla damutuko eta. BULTZ ORDIZI!
– Eta zuk, zein dira 2020-2021 denboraldirako dituzun asmoak?
Nire lekua nesken taldean dago. Oso gustura egon naiz eta ez dut aldatzeko intentziorik. Denboraldi honetan ere, aurrekoan izan ditugun ordutegi berdinekin jarraituko dugu, lan asko eginez.