BERRIA’ EGUNKARIA EZAGUTARAZI ETA ORDIZIAKO MERKATARITZA SUSTATZEKO KANPAINA
Hilaren 14tik 28ra Berrialagun egin diren Ordiziako 87 komertzio-tabernetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 1.000 euroko txeke bat zozkatuko da
'Berria' egunkariaren ekimenez, eta Ordiziako Udalaren, Ordizian elkartearen eta Orkli kooperatibaren laguntzarekin, egunkaria ezagutzera eman eta Ordiziako merkataritza sustatzeko baliagarria izan daitekeen kanpaina bat egingo da Ordizian azaroaren 14tik 28ra. Hamabost egun horietan Berrialagun ekimenarekin bat egin duten 87 saltoki horietakoren batean erosketaren bat egiten duten bezeroek txartel bat betetzeko aukera izango dute, eta horren bidez, 1.000 euroko txeke baten zozketan sartuko dira. Txeke hori Berrialagun egin diren komertzioetan gastatu beharko da. Zozketa hilaren 29an egingo da, 19:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian egingo den jaialdi batean.
Gaur egin da kanpainaren aurkezpena Ordizian. Igor Eguren alkateak, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Ordiziako merkatarien ordezkaritza batek, eta Orkliko Kontseilu Errektoreko Asier Lekuonak hartu dute parte bertan. Guztiek ere kanpainan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Kanpainan parte hartuko duten saltokiak kartel batekin identifikatuta egongo dira, eta Ordiziako etxe guztietara esku-orri informatibo bat ere banatuko da.