Nazabal anaiak txapeldun!!
Euskadiko Rallysprint Txapelketan, klase 4 mailan, 2019ko txapeldunak dira Mikel eta Eneko Nazabal.
Euskal errepideetan barrena burutzen den Euskadiko Rallysprint Txapelketan parte hartzen dute Mikel eta Eneko Nazabal zaldibitarrek, beraien BMW 325i-arekin.
Modalitate honetan, trafikoari itxitako errepide zatia hiru aldiz egiten dute partehartzaileek, ondoren hiru denboren batura egin, eta azkarrenak gailenduz. Autoen ezaugarrien arabera bereizten diren maila ezberdinetan lehiatzen dira, eta beraien bigarren urte honetan, emaitza ederrak lortuz, 4. klasean txapeldunak izatea lortu dute, bizkaian jokatuko den azken probaren faltan.
Gabiria – Legazpian hasi zen denboraldia, lehenengo lasterketa izanik lasai hartu zuten zaldibitarrek, eta azken erlojupekoan izandako arazo batzuk medio, 4. postuan sailkatu ziren. Ondoren Zaldibiatik bertatik igarotzen den etxeko proban, Goierriko Rallysprintean, inguruaren ezagutza baliatu zuten, lasterketa bikaina burutu eta garaipen gozoa eskuratzeko. Azpetian jokatu zen hirugarren proban, Goierrikoa ez zela kasualitatea izan erakutsi zuten, denboraldiko bigarren garaipenarekin sailkapen nagusiko lidertza sendotuz.
Bi proben faltan, Aramaion jokatu zen azken aurreko proba, pasa den larunbatean. Matematikoki sailkapen nagusiko txapeldun irteteko aukerak zituzten, eta ez zuten hutsik egin. Hasieran akatsen bat egin arren, buelta ematen jakin zuten eta hiru txandetan azkarrenak izanda, berriro 4. klaseko garaikurra eskuratu zuten, honekin 2019ko 4. klaseko txapeldunak bilakatuz.
Azaro hasieran Ugao-Miraballesen jokatuko da azken proba, hango puntuek ez dute sailkapena aldatuko, baina zaldibitarrek parte hartzeko asmoa dute, denboraldia borobildu asmoz.
ZORIONAK MIKEL ETA ENEKO!!