Udako uzta, udazkenean jasoa
Goierriko Hitzak XVI. Udako Argazki Lehiaketako sariak banatu ditu, Nafarroa 23 estudioan egindako ekitaldian. Parte-hartzaileek haien argazkiak jaso ahal izan dituzte.
Baratzan ere horrela izan ohi da, urtaro batean ereindakoa, hurrengoan jasotzen da. Eta beste horrenbeste gertatzen da Goierriko Hitzaren Udako Argazki Lehiaketarekin ere. Abuztuko oporraldiaren ondoren bidalitako lanen uzta orain jaso baitute sarituak izan diren lagunek. Joan den ostegunean banatu zituzten lehiaketaren 16. edizioko sariak, Beasaingo Nafarroa 23 estudioan egindako ekitaldian. Bertan izan ziren saritutako lau lagunak, epaimahaiko kide den Joxemari Telleria argazkilariarekin eta Goierriko Hitzako ordezkariekin batera.
Epaimahaiaren sari nagusia, argazkirik onenarena, Jon Esnaola idiazabaldarrak jaso du. Hitzakideen lehen eta bigarren sariak, berriz, Ainhoa Egurbide urretxuarrak eta Julen Auzmendi legazpiarrak, hurrenez hurren. Azkenik, publikoak emandako saria Mikel de las Heras beasaindarrarentzat izan da.
Norbere argazkia, etxera
Sariak emateaz gain, irabazleen lanak eta lehiaketan parte hartu dutenen hainbat argazki ikusgai jarri zituzten Nafarroa 23 estudioan. Lau irabazleen artean ba- natutako sariez gain, ekitaldira etorri ziren guztiek haiek lehiaketara bidalitako argazkia etxera eraman ahal izan zuten.
Aurten guztira 30 lagunek parte hartu dute lehiaketan, argazki bana bidalita. Epaimahaiak emandako sariaz gain, publikoak ere izan du, webgunean emandako botoen bidez, haien saria banatzeko aukera.
Antolatzaileek esker ona agertu nahi izan diete parte hartu duten guztiei, eta datozen deialdietan ere parte hartzera animatzeko deia egin diete goierritarrei.