Goierriko Hitza

Erantzunkidetasun soziala helburu, Erakide proiektuaren bidez

Enpresa proiektuaren erdigunean pertsonak kokatzea helburu duen Erakide tresnaren aplikazioa egin dugu GOIERRIKO HITZAn, Farapi kooperatibaren dinamizazioaren laguntzaz.

Erakide proiektuak, Gipuzkoako enpresetan erantzunkidetasun sozialaren kontzeptua zabaldu eta praktikan jartzea du helburua, erakundeen erdigunean pertsonak daudela azpimarratuz. Era berean, enpresek inguruarekiko duten erantzukizuna aztertu eta kontraesanak azaleratzen ditu, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak aztertu eta indarrean jartzeko.


UGGASA garapen agentziaren bidez izan genuen proiektu honen berri GOIERRIKO HITZAn, eta ez zitzaigun asko kostatu erabakia hartzea, batetik gure hedabidean argi daukagulako ekonomia, gizarte eta ingurumenaren garapena elkarrekin erlazionatuta joan behar direla gure jardunean, eta honek gure lan egiteko ikuspegiarekin eta lan egiteko moduekin erabat bat egiten du. Bestetik, Gipuzkoako Aldundiaren babes ekonomikoa duen proiektua delako, Gipuzkoako enpresa-ehunaren lehiakortasuna, jasangarritasuna eta lankidetza sustatzea helburu duena.

Tresna honen aplikazioaren lehen fasea 2019ko otsaila-martxoa epealdian egin genuen, enpresako langile guztiak eztabaidan inplikatuz. Besteak beste, giza garapenaz, jasangarritasun ekologikoaz, barne demokraziaz eta gardentasuna bezalako balioez mintzatu ginen, eta nola gurutzatzen diren enpresaren egunerokotasuneko esparru ezberdinekin. Hala nola, finantzekin, hornitzaileekin, bezeroekin, produktu eta zerbitzuekin, pertsonekin eta eremu sozialarekin. Prozesu honen amaieran hiru alor identifikatu genituen espresuki talde bezala landu beharrekoak: taldearen kohesioa, informazioaren gardentasuna, eta GOIERRIKO HITZAren proiektuarekiko langileen atxikimendua.

Era berean, marko partekatuaren birdefinizioa egitea izan da prozesu honen beste ondoriotako bat, eta horretarako dagoeneko erabaki dugu ERAKIDE proiektuaren bigarren faseari ekitea. Horrekin lortu nahi duguna zera da, talde kohesionatu gisa etorkizuneko erronkei erantzun ahal izatea.