Goierriko Hitza

Hamaika egunez euskaraz

Hamaika ikusteko jaioa den giza taldea, hamaika entzuteko dago. 11 egun ditu, gaurtik abenduaren 3ra arte, Euskaraldian. Euskal Herri osoan garatuko den lehenengo esperientzia soziolinguistikoan. Hizkuntza ohiturez hausnartu, inertziak berbideratu eta jarrera aktiboa hartzera gonbidatu dituzte.

Hamaika arlotan ongarrituko da euskararen lurra. Enpresetan, erakundeetan, ikastetxeetan; talde, elkarte, eragile, soziedade eta kuadrilletan. Sustengua gizarteko esparru askotatik jaso du Euskaraldiak.

Hamaika bider bi herritan. Goierrin, 23 herritan izango da Euskaraldiaren oihartzuna. Batzuek irudimentsuago, besteek azken orduan, baina herri ia denetan antolatu dituzte batzordeak, burutu dituzte prestakuntza saioak, hartu dituzte izenak eta banatu txapak.

Hamaika herritar, bat egin dutenak. Oro har, eta partaidetza datu behin betikorik oraindik eman ez badute ere, aurreikuspenak gainditu dira. Kalkulatutako kopuruak baino gehiago eman du izena ekimenean. Proportzioan, Ahobizi gehiago animatu da, Belarriprestak baino.

Gutxieneko jarreretatik

11 egun euskaraz. Artifizio ikusgarrietatik urrun, muina sinplea bezain eraginkorra da, hizkuntzaren erabilera astintzeko: euskaraz egin eta entzun. Ahobiziek: «Ulertzen duenari euskaraz egingo diote, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diete». Belarriprestei: «Egiezue euskaraz, ulertzen dute eta. Agian erdaraz erantzungo dute, baina berari euskaraz egitea nahi dute». Txapa bereizgarria paparrean itsatsita adieraz liteke bakoitzaren jarrera.

Hamabigarrenean, hasiera. Amets Artzallus bertsolariak esan duen bezala, ordea, Euskaraldiak benetako zentzua 12. egunean hartuko du: Euskararen Egunaren biharamunean.