Monarchy musika talde ingelesaren klipa bi goierritarrek egin dute
Musika elektronikoa egiten duen talde britainiarrarentzat egin dute bideoa Ane Guerrak eta Andoni Beristainek
Goierriko Hitza
Goierri
Ane Guerra urretxuarrak eta Andoni Beristain zumarragarrak egin dute Monarchy musika elektroniko talde ingelesaren bideoklip berria. Abestiak Dancing in the corner du izena eta Rolling Stone aldizkariaren webgunean ikus daiteke.
Monarchy taldea 2009an sortu zuten eta disko bakarra dute, baina remix asko egin dituzte. Besteak beste, Lady Gaga, Jamiroquai eta Kylie Minogue abeslari ezagunentzat. Gainera, nazioarteko jaialdi ospetsuetan parte hartu dute.
Martxoaren 9an bigarren diskoa argitaratuko dute. Bertako Desintegration abestian Dita Von Teese artista ezagunak parte hartu du. Kanta 2013an aurkeztu zuten eta klipak dagoeneko milioi eta erdi bisita lortu ditu. Otsailean Bartzelonan (Herrialde Katalanak) eta Madrilen (Estatu espainiarra) joko dute.
Beristain eta Guerra «oso pozik» daude, noski. Bi gazte hauek Bartzelonan bizi dira eta La Monda Magazine aldizkari digitala argitaratzen dute.
Aldizkariari esker ezagutu zituzten, hain zuzen ere, Monarchy taldekoak. «Duela bi urte elkarrizketa bat egin genien eta urrian Bartzelonan eman behar zuten kontzertua grabatzeko norbait behar zutela jakin genuen. Gure lanarekin oso gustura gelditu ziren eta bideoklip hau grabatzea eskaini ziguten. Bi egitasmo hauek La Monda estudioko lehenak izan dira», aipatu du Beristainek.
Moda desfilean ere bai
Monarchy-ren bideoklipak euren burua ezagutzera ematen laguntzea espero dute. «Ate asko irekitzea espero dugu. Izan ere, Rolling Stone eta Vice aldizkarietako webguneetan estreinatu zen». Beristain argazkilaria da eta Guerra kazetaria. Bartzelonako moda desfileko bideoaz eta eszenografiaz ere arduratzen ari dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.