EH Bilduren erantzuna Zeraingo Herri Kandidaturak hedabideetara bidali duen gutun irekiari
EH Bilduk Zerainen zerrenda aurkezteko eskubidea duela ez du inork zalantzan jartzen, baina eskubide horretaz baliatzea erabaki duenetik etengabe ari da era guztietako erasoak jasotzen. Dagoeneko 20 aldiz agertu da komunikabideetan.
Galdera gakoa hauxe da: ZERGATIK? EH Bilduren kontra ezer ez dagoela diote, baina agertutako albisteei erreparatuz gero, argi dago helburua EH Bildu dela. Gainera, helburu hori lortzeko ez dio axola pertsonak iraintzeak, gezurrak edo erdizkako egiak esateak, ezta agintaldi osoan sistematikoki EH Bildu koalizioa erasotzen aritu diren komunikabideak erabiltzeak ere.
Guk zuei galdera egiten dizuegu: informazio faltaz kexu zarete; orduan, zergatik ez zarete modu naturalean hurbildu guregana gure asmoak zeintzuk diren jakiteko? Hainbat batzar eta ekimen antolatu dugu herritar guztientzat baina ez zarete etorri.
Gehiengoa zaretela behin eta berriz esaten ari zarete eta horretarako zerrenda bakarraren aldeko bozkak erabiltzen dituzue eta ez bozketan zuen zerrendako hautagaiek jaso duten bozka kopuruak. Ez gara datu gerra batean sartuko. Herriarentzat egokiena, dudarik gabe, zuek ere aurkeztea izango litzateke, bakoitzak benetan duen babesa zein den jakiteko baldintza berdinetan; horretarako dira hauteskundeak. Gehiengoak? Gutxiengoak? Berdin da. Demokrazian denok dugu eskubidea udalean ordezkatuak egoteko jasotzen dugun babesaren arabera eta ahalik eta babes handiena lortzea da EH Bilduren helburua, noski.
Datorren igandean emaitzak ikusiko ditugu eta espero dugu zeraindarrok ASKATASUNEZ bozkatzeko aukera izatea, presiorik gabe eta behartu gabe.
Zuen galderak erantzungo ditugu:
Galdetzen duzue alkate berriari EH Bilduk 30.000 euro ordainduko ote dizkion. Nondik atera duzue tamainako tontakeria? Gezur baten aurrean gure erantzuna argia da: EZ, alkate berriak ez du soldatarik izango, noski.
Jakina da EH Bilduk diru publikoa zorroztasunez eta arduraz kudeatzen duela eta halaxe egin du agintaldi osoan zehar. Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gipuzkoako udal gehienetan kargu publikoen soldatak jaitsi ditugu. Zeraingo kasuan soldatarik ez da egongo, eta, gainera, gastu guztiak berrikusiko ditugu eta beharrezkoak ez direnak kenduko ditugu.
EH Bilduren printzipioen artean garrantzitsuenetako bat da langileen baldintzen defentsa eta ezaguna da ere agintaldi honetan printzipio horren alde egindakoak, batez ere gutxien irabazten dutenen lan-baldintzak hobetzeko (adibidez, zahar-egoitzetako langileak, gehienak emakumezkoak).
Azalpen horrekin, zuen beste galdera bati erantzungo diogu: egungo herri langileak eta haien lan-baldintzak mantendu ez ezik, horiek hobetzen ere saiatuko da EH Bilduren Udal gobernu berria.
Zerainen azken hamarkadetan turismoak indarra hartu du eta egun bertako lehen sektorearekin eta ostalaritzarekin lotura zuzena dauka. EH Bilduren ustez, turismoa garrantzitsua da Zerainen eta horren alde egiten jarraituko dugu; aukera berriak landuko ditugu, egungo egoera oraindik hobea izaten ahaleginduko gara. Gainera, nolako turismoa bultzatu eta indartu nahi dugun erabakitzeko sektoreko pertsona guztien eta zeraindar guztien iritziak kontuan hartuko ditugu.
EH Bilduk ehunka parte hartze prozesu garatu ditu Gipuzkoako toki eta bazter guztietan, mota eta dimentsio askotarikoak, Gipuzkoa erreferente bat bihurtzeraino. Zerainen ere batzar eta batzordeen bidez kudeatuko dugu Udala, batzar informatiboak gainditu eta denon artean eraiki eta erabakitzea da EH Bilduren helburua. Elkarrekin lan egiteko espazio horiek agintaldi osoan funtzionatzea da helburua, eta gure nahia da konfiantzazko harremanak sortzea. Gure abiapuntua, nola ez, zeraindarron iritzien errespetua izango da.
Zuen galderak erantzun ditugu. Gure galdera da: boikota eta polemikarekin jarraituko duzue, edo zeraindarrok bakean eta askatasunez bozkatzeko ahalegina egingo duzue?