Legazpiko Agenda 21 foroan parte hartuko du gaur Floren Gutierrezek (Legazpi, 1961). Asiar liztorraren inguruko azalpenak emango ditu, eta nola harrapa daitezkeen argitu.Urteak daramatzagu asiar liztorraz entzuten. Zein berezitasun dituzte?Hemengo lizt...
Legazpiko Agenda 21 foroan parte hartuko du gaur Floren Gutierrezek (Legazpi, 1961). Asiar liztorraren inguruko azalpenak emango ditu, eta nola harrapa daitezkeen argitu.
Urteak daramatzagu asiar liztorraz entzuten. Zein berezitasun dituzte?
Hemengo liztorrak bezala, asiarrak ere harrapariak dira: nektarraz gain, intsektuez elikatzen dira. Asiar liztorrak duen berezitasuna da, bere elikaduraren %85a erleak jatean datzala. Ondorioz, erle kopurua gutxitzen ari da. Eta erleak oso garrantzitsuak dira, ez soilik eztia sortzeko, baita landare askoren polinizazio prozesurako ere. Ekosistemarentzat ezinbestekoak dira.
Pertsonentzako ere arriskutsuak dira?
Hain handiak izanda, erle batek baino zazpi edo zortzi aldiz pozoin kantitate handiago dute. Ondorioz, ziztadak arriskutsuagoak dira.
Ugaltzeko modu berezia dute, ezta?
Ugalketa ez da erleena bezalakoa. Irailean edo urrian, erregina berriak ateratzen dituzte. Erregina horiek, erleen kasuan ez bezala, ez dute habian bertan hibernatzen, gainontzeko liztorrekin. Bakar bakarrik hibernatzen dute, pertsiana baten kaxan, teilape batean, lur azpian… edozein lekutan. Udaberrian, erregina bakoitzak habia berri bat sortzen du. Kontuan hartuta, esaterako, habia batean 50 erregina ateratzen dituztela, eta horietatik hamabostek lortzen dutela neguan bizirautea, horrek esan nahi du hurrengo urtean hamabost habia berri egingo dituztela.
Legazpin zu arduratzen zara habiak kentzeaz.
Herritarrek edo udalak habiaren bat ikusten badute, niri deitzen didate, eta iristeko moduko lekuren batean badago, ni arduratzen naiz kentzeaz. Bestela, suhiltzaileei deitzen zaie. Urtetik urtera habia gehiago agertzen dira. Iaz, 25 edo 30 inguru suntsitu genituen. Edozein lekutan aurkitzen ditugu: parkean, ibai ertzean, mendi puntan… Hemengo ekosistemara egokitu dira dagoeneko.
Nola kentzen dituzu habiak?
Gauez kentzen ditut, gauean denak habian sartuta egoten direlako. Intsektizida bat botatzen dut, eta kendu egiten dut. Gauez ez dira mugitzen, beraz, ia babesik gabe joaten naiz. Egurra murtxikatuz egiten dituzte habiak, zelulosaz. Oso oso arinak izaten dira, eta oso politak, ikusteko.
Herritarrek zer egin dezakete asiar liztorrari aurre egiteko?
Tranpak jartzea oso sistema eraginkorra eta erraza da, baita merkea ere. Tranpa horiek edozein lekutan jarri ditzake edonork: lehioan, lorategian… Negu hasieran jarriz gero, hibernatzeko leku bila dabiltzan erreginak erortzen dira tranpan. Horrela, udaberrian habia berriak sortzea ekiditen da. Gaur egun ez daukagu metodo eraginkorragorik asiar liztorrak ugaltzea ekiditeko. Erleak ditugunok jartzen ditugu, eta pila bat harrapatzen ditugu. Edozein herritarrek jar ditzake.
Nola egiten dira tranpa horiek?
Oso erraza da asiar liztorrak harrapatzeko tranpak egitea. Botila bat hartu, eta goiko aldea moztu behar zaio. Ondoren, siropea edo garagardoa botilaren hondora bota. Azkenik, botilaren goiko aldea, estutzen dena, buruz behera sartu. Horrela, enbutu antzeko zerbait geratzen da. Liztorrak bertan sartzen dira, edariak erakarrita, eta atera ezinda geratzen dira.
«Urtez urte asiar liztorren
gero eta habia gehiago agertzen dira»
«Oso erraza da asiar liztorrak
harrapatzeko tranpak egitea»
Lortuko da egunen batean guztiz desagertzea?
Ez dut uste. Gaur egun ditugun baliabideekin, behintzat, ez. Espezie inbaditzaile bat denez, hemen ez du etsairik. Hau da, gure ekosisteman ez dago asiar liztorrari aurre egiten dion animaliarik. Horregatik ari da zabaldu eta zabaldu.
Nolatan hasi zinen asiar liztorraz horrenbeste interesatzen?
Erlezaina naizen heinean, zuzenean eragiten didalako. Hitzaldietara joaten hasi nintzen, informazioa bilatzen, eta nik ikusten nituen habiak kentzen. Duela 25 urte inguru hasi nintzen erlezaintzan, eta hogei erlauntza ditut, Bisiola inguruan. Egia esan, nahiko altu ditut, eta nik ez dut beste batzuk bezainbeste nabaritu asiar liztorren eragina. Donostia inguruan, leku epelagoak direnez, erlauntza osoak suntsitu dizkiete. Horrek ilusioa galarazten dio erlezainari. Pentsa artzain bati otsoak artalde erdia akabatzen diola. Bada, guretzat, sentsazio bera da.
Erlezainez gain, herritarren inplikazioa ere beharrezkoa da, ezta?
Noski, asiar liztorrak denoi eragiten digulako. Eta lau begik beti gehiago ikusten dute bik baino. Ezagutzeko, hainbat gauza izan behar dira kontuan: oso ilunak dira, hanka horiak dituzte eta muturrean triangelu hori bat dute. Eta oso garrantzitsua, norbaitek habia bat ikusiz gero, abisatzea. Ez da komeni norbera habia kentzen hastea.
Gaur, Agenda 21 foroan, honi guztiari buruz hitz egingo duzu.
Ez naiz aditua, baina esperientziaren bidez lortu dudan jakintza elkarbanatuko dut, eta gainontzekoek egiten dituzten ekarpenak entzun. Nik botilekin egindako tranpa erabiltzen dudan bezala, agian beste norbaitek liztorrak harrapatzeko modu eraginkorrago bat ezagutzen du. Eta, noski, herritar guztiak gonbidatuta daude. 18:30ean hasiko da foroa, udaletxeko batzar aretoan.