Urteberriko Saria zozkatuko du Gure Esku Dago egitasmoak
Gure Esku Dago egitasmoak beste proiektu bat du eskuartean. Katalunian Grossarekin egin zuten moduan, Euskal Herrian ere ‘loteria’ propioa izateko lehen pausoak emango dituzte, Urteberriko Saria zozketarekin. GED egitasmoak azaldu duenez, “erabakiaren aroa sostengatzea” eta “GEDren aurrera begirako proiektua finantzatzea” dira zozketa horren helburuak, nola ez, “nazio izaera duen errifa-loteria indartsu bat martxan” jartzearekin batera.
Euskal Herri osoan salgai daude parte hartzeko txartelak, 5 euroan. Sariei dagokionean, 30.000 euroko sari nagusi bat eta 10.000 euroko hamar sari banatuko dituzte. Zozketa urtarrilaren 16an egingo dute, notario aurrean. Sari banaketa berriz, otsailaren 18an izango da, Beasaingo Igartza jauregian.