Euskararen eguna, urte bihurtu
Zumarragan euskaldun berriei eskaini diete Antioko interpretazio zentroko ataria. Ikastetxeek ospatu dute. Baita larriek ere: Lazkaon, lehen aldiz pregoia egin dute.Euskararen Eguna ari da urte osoko bihurtzeko bidean aurrera egiten. Ostiralean hasi, e...
Zumarragan euskaldun berriei eskaini diete Antioko interpretazio zentroko ataria. Ikastetxeek ospatu dute. Baita larriek ere: Lazkaon, lehen aldiz pregoia egin dute.
Euskararen Eguna ari da urte osoko bihurtzeko bidean aurrera egiten. Ostiralean hasi, eta atzo amaitu ziren Goierrin abenduaren 3aren bueltan antolatutako ekitaldiak. Lau egun, euskarari begira. 361 gehiago geratzen dira.Herri askotan ostiralean ospatu zuten. Ikastetxeek, bereziki. Ordizian plazan elkartu ziren haurrak, eta ikuskizuntxo bana egin zuten, taldeka. Lazkaon ere San Benito ikastolako ikasle guztiak plazara batu ziren, lehenik Zelaian abesti batzuk abestu ondoren. Lehenbiziko aldiz, arratsaldean pregoia helduentzat irakurri zuten. Belen Maiza irakasle erretiratuak eta Kantaka abesbatzako kideak musika eta euskara uztartu zituen, udaletxeko balkoitik, hitzaldian.
Zumarragan, larunbatean, udalak eskaintza berezia egin die euskaldun berriei. Euskara helduaroan ikasi dutenekiko «zorra» kitatzeko keinua egin du, eta Antioko interpretazio zentroaren aurrealdeari Euskaldun Berrien Ataria izena jarri dio, plaka eta guzti.
Jarraian, barruko aretoan, 50 bat lagunek mintzodromoa egin zuten. Seigarren urtez, euskaldun zahar eta berriak elkartuta ordubetean solasean jardun ziren. Zumarraga-Urretxu Ikastolaren jolastokian, berriz, flashmob jendetsua dantzatu zuten, larunbatean bertan.
Seguran, ipuinetan sarituta
Euskararen Eguna baliatuz, larunbatean banatu zituzten Seguran Joxean Ormazabalen omenezko bertso, ipuin eta olerki lehiaketako sariak, Elorri elkarteak antolatuta. Ipuinetan sarituak Alain Segurola (Zegama), Xuban Izagirre (Segura) eta Unai Mendizabal (Zegama) izan dira. Bertsoetan, Irular Eskisabel (Zaldibia) eta Onintza Sukia (Ataun). Eta marrazkien atalean, Aner Iztueta (Segura), Aetz San Sebastian (Ataun) eta Izaro Vazquez (Ataun).
Beste behin, Euskararen Egunak elkarlanaren beharra plazaratu du. Datu soziolinguistiko esanguratsuak atera dira, euskararen osasunaren errealitatea adieraz dezaketenak: arnasgune deitzen diren tokietan —hizkuntzak indar, erabilpen eta ezaguera oso handia duten herriak—, euskara lehen baino gutxiago erabiltzen da. Gutxien egiten duten tokietan, gorantz doa.