'Estutu' du izena Iñaki Garitaonaindia Gari abeslari legazpiarraren azken lanak. Maldanbera taldearekin elkarlanean ondu du, eta «musika-erregistro ezberdinean» landutako proiektua dela nabarmendu du.
Hertzainak taldearen aroa aspaldi amaitu bazen ere, bere bakarkako musika ibilbidean buru-belarri sartuta dabil Iñaki Garitaonaindia
Gari abeslaria (Legazpi, 1964). Duela urtebete inguru Maldanbera talde bilbotarrarekin bat egin zuen, eta duela gutxi aurkeztu dute elkarlanean
Estutu diskoa. Orain arte Gari identifikarazi izan duen rock erregistroa alde batera utzi, eta modu melodikoagoan aurkeztu du bere azken proiektua.
‘Estutu’ da zure bakarkako musikari ibilbidean atera duzun azkeneko lana. Orain arteko zure gainontzeko lanekin alderatuta bere berezitasunak zeintzuk direla esango zenuke?
Azkeneko urteetan bide luzea bete dut musikarekiko lotura sendotzeko eta garatzeko asmoz. Jardundako ibilbidearen emaitza bezala ikusten dut proiektu hau.
Besteak beste, lan hau orain arte egin dituzun lanekin alderatuta «sendoagoa eta homogeneoagoa» dela adierazi izan duzu.
Azkenaldian zehar, Maldanbera taldeko kideekin batera, ideiekin jolasean ibili izan gara bikote formatuan, bai egin ditugun azkeneko lanetan, eta baita zuzenekoetan ere. Eta jarrera horrek azkenerako zalantza batzuk sortu ditu gure inguruan.
Estutu proiektuarekin, berriz, orain arte aurreikusi ezin ditugun egoeretatik aldentzea lortu dugu. Hori dela eta egonkortasun eremu batera hurbildu gara.
Zenbat denbora behar izan duzu diskoa bera eta bertako abestiak garatzeko?
Proiektua garatzen aspaldi hasi nintzen. Horretarako, gainera baldintza bereziak izan ditugu ardatz gisa; Bilbon kokatu behar izan genituen bai grabaketa saioak eta baita lan-taldea ere. Modu horretan bakarrik zen posible
Estutu bideratzea, eta azkenean, baldintza horiek eman diote forma eta kolorea diskoari.
Zer irizpide jarraitu edo markatu dituzu diskoa osatzen duten abestiak egiteko?
Disko hau abestiek osatu dute. Hau da, lan honen ideia nagusia kantuak eurek islatzen dute. Abestiak izan dira proiektu honen garapenaren oinarria eta baita abiapuntua ere.
Doinuak eta egiturak bat egitekorakoan txispa eta argia bilatu ditut, eta horretarako kanten aukera ezberdinak aurrez probatu ditut hainbat aldiz, azken bertsioa topatu arte. Zentzu horretan,
Estutu diskoa egitea anbizio handikoa izan da guretzat.
Urtebete inguru da Maldanbera taldearekin bat egin zenuela. Disko hau hain zuzen, eurekin argitaratu duzu. Nolako partaidetza-harremana izan duzue?
Maldanbera taldearen filosofia bat dator
Estutu lanaren ideia nagusiarekin, hau da, egonkortasunera hurbiltzearekin. Orain arteko ibilbidea gorabeheratsua suertatu zaigu, zulo beltz eta tontorrez osatutakoa, neurri handi batean erabat desorekatua. Horren harira, bazen garaia etenalditxoa egiteko eta atzera begiratzeko.
Hori bai, atzera begiratze hori gaurkotasunean finkatuta egin dugu, eta beti ere etorkizunari aurre egiteko asmoarekin. Maldan behera joateko beharra ikusi dugu modu arinean, lasai, eroso, presarik gabe eta gozatuz. Beste modu batera esanda, azkeneko urteetan jasotako zama alde batera uzten saiatu gara.
Nola definitzen duzu elkarren artean izan duzuen elkarlana?
Orain arte esandakoaren ildotik, taldearen babesa uneoro bilatu dut. Maldanbera osatzen duten musikari hauek lan talde zabalagoaren parte izan dira. Bertan, musikariez aparte bideogile, argazkilari, produktore, teknikari, idazle eta bestelakoekin familia berezia osatu dugu proiektu hau aurrera ateratzeko.
Orain arte bereziki rockaren erregistroan ikusi eta entzun izan zaitugu, baina hain justu azken lan honetan bestelako musika-erregistroak bilatzeko saiakera egin duzu.
Beti nahi eta behar izan dut musika egin ahala eroso egotea eta gustura sentitzea. Orain arte egindako lan batzuetan sumatu dut abesti edota proiektuek esku artetik ihes egiten zidatela, hasieran nahi nituen ukitu horiek galduz. Kasu honetan egindako aldaketak egin ondoren, ordea, ez dut sentipen hori izan.
Esandakoaz gain, azkenaldian zuzenekoetan lantzen ari ginen aldian zuzenekoetan lantzen ari ginen ezaugarri akustikoak edo musikaren ezaugarriak gero eta urrutiago zeuden rockaren eskematik. Geroz eta erosoago sentitzen naiz lan honetan landu ditugun
tempo eta sonoritate hauetan.
Zure orain arteko lanak zure barne-gogoetekin lotu izan dituzu. Esate baterako, musika bera bizitzaren zentzu eta garapenarekin lotu izan duzu, «bizitzaren inguruko hausnarketa» eginez.
Halaxe da. Hala ere ez dakit egiten dudana kasualitate hutsa ala patuaren desioa den, batek daki!
Estutu-ren kasuan zehazki, Jon Benito idazlearen
Naizena poema hartu dut abiapuntu. Nolabait esateko, horrek gidatu gaitu modu inkontziente batean kantak idazterakoan. Berriro diot, hori patuaren indar ikusezinaren araberakoa izan da.
Diskoa aurkeztuagatik ere, zuzeneko kontzertuak ematen ari zarete. Zer erronka suposatzen du grabatutako abestiak zuzenean eskaintzeak?
Diskoko kantak zuzenean emateko prestatzea erronka ikaragarria izan da, guretzat erosoa den eremutik erabat aldenduta ibili garelako. Baina beti ere, horrek baditu bere alde onak; helburuen maila altuak jartzerakoan, horren neurri bereko ilusioak hazi ohi dira.
Nire ustez, kasu honetako gure zuzenekoa espektakulu edo ikuskizun deigarria da, rock&roll formatutik erabat aldendutakoa, non bertan doinuak diren nagusi. Adin guztientzat eginiko espektakulua da.
Etorkizunera begira zer proiektu dauzkazu esku artean?
Indarrak gorde beharrean nago esku artean dudan lana behar bezala defendatzeko. Hori dela eta, epe motz eta ertainera begira,
Estutu diskoaren zuzenekoetan, eta Gari&Maldanbera proiektua egonkortzeko lanetan jarraituko dut.