Eguberrietako aparteko azokak bukaera eman dio feria berezien egutegiari. Eguraldi hotzari aurre egiteko, jan-edan asko aukeran, baita zeinek probatua ere. Karduak piztu du arreta.G oizean goizetik umorez jendea, hemengo onddo ederrak eskaintzen zirene...
Goizean goizetik umorez jendea, hemengo onddo ederrak eskaintzen zirenekoa, alferrik egindako garraiatzeren bat, gazta jaurtiketa baten hotsak inuxente eguneko markak. Apaingarri jarritako Olentzeroaren arrautzen ondoan, Patxi Aierbek atzo ekarritako udaberriko ziza bakarra dotore asko jarrita… Umorez aurre egin zitzaion goiz hotzari. «11 gradu Leitzan 07:00etan, eta 4 gradu hona iritsita» aipatu zuen Juan Ramon Lizarragak.
Atzo feria berezia izanda Ordiziako txoko askotan ikusgai eta dastagai franko bazen. Plaza barruan, berriz, atzoko kontua soilik izango bada ere, jende asko erakarri zuen Erriberatik ekarritako kardoak. Cintruenigon bizi den Joxe Barandiaran ordiziarra zen tartean: «Lau lagun etorri gara gure-gurea den kardoa ezagutzera ematera, nola zuritu eta nola jan daitekeen, hemen ez dago halako ohiturarik eta», kontatzen zuen. Gero entsaladan gordinean prestatu eta probatzera eman dute, bikaina izateaz gain pedagogia lan ederra egin dute. 8 eurotik 13ra artean salgai bakoitza. Hemengoa txikigoa denez 3 euroan eros daiteke.
Arkumeen prezioa merkatu
Arkumeentzat joan da garestiena saldua izan deneko epea. Behin Eguberri pasatuta, etxez etxeko bilketan, aste honetan, 4,50 euroan gehi BEZa saldu da, eta urte berritik aurrera izango duen jatsiera nabarmena izango da. Mikologiari dagokionez, esnegorri eta onddoetara mugatu zen atzoko aukera. Garestitu egin dira onddoak oliotan, 10 euroan zen salgai kilo erdiko potoa.
Bi saltzaile berri 2016an
Urteari bukaera eman zion feria izan zen atzokoa. Urteari begirada labur bat emanez, postu berri pare bat sartu direla aipa daiteke: Ibarrako Aitor Otaegi Damasoro euskal txerrikien (pate, odolki, gantxingorra, saltxitxoia…) eskaintzarekin eta Arantxa Garaiburu Amezketako Larte ardi gaztarekin (berria, zaharra edota urdina).
Azken urte hauetan hasi diren Jon Etxeberria eztizale ataundarrarekin, Joseba Baez behi gazta ekoizle idiazabaldarrarekin eta Juan Ramon Lizarraga harakin leitzarrarekin gazta, urdaitegi eta abarrekin feriako saltzaileen adinaren bataz bestekoa gaztetu dela esan daiteke. Aldiz, barazki freskoen eskaintzan ez da gizaldi aldaketarik ikusten. Ea datorrenak zer ematen duen.