Hotza hotz, urteko azken feriako salmenta onek utzitako ilusioarekin urte berriari ekin diote saltzaileek aurtengo lehenengoan.
Z ero gradu markatzen zuten plazako termometroek goizeko 08:00etan eta horrela iraun zuen eguzkia plazako txokoak berotzen hasi zen arte. Horrelakoetan, bakoitza bere modura hotzari aurre egiteko prest etorri ohi da, eta norbera ez ezik, barazkiak babesteko neurriak hartuta ere bai hala behar izanez gero. «Manta termikoa ekarri dugu bada ez bada ere» esan zigun Patxi Izagirre Montesenekoak. Arrazoia, hauxe: «Barazkiak izozten badira, belztu eta kitto, erabat hondatzen dira eta estalki horrek 3-4 graduz babesten ditu».
Kontxi Aiestaran Oreindaingo Lugarragakoak, berriz. «urte batzuk ba dira ia, azak zituzten ur tantak izoztu egin ziren mahai gainean; goiz hartan bertan erosi nuen berogailua hemen bertan» oroitzen zuen.
Berogailu elektrikoa edota butano boteiladuna lagun, kartoia lurrean jarriz eta, batez ere, mugituz eta ondo jantzita. Hotzari aurre egitea zer den badakite asteroko saltzaileek.
Eskaintzaren argazkia
Hotza hotz, neguko barazki freskoen aukera polita dago saltzaileen postuetan: aza, azalora, brokolia, romaneskua, lonbarda, txikoria, zerba, ziazerba, porrua, arbia, erremolatxa, borraja, baratxuri freskoa…
Eta fruituetan, sagarra da nagusi. Horren lekuko adierazgarriena Idiazabalgo Kalbariokoa zen, Amaia Alkortaren salmahaia hain zuzen: errezila, etxekoa, zabale, bella de bosco, neguko gorria, erreineten erregina, erreineta zuria, jubile, fuji, zabale… Konferentzia udarea eta bien arteko txertotik lortutako nashi motakoa ere aukeran zituen idiazabaldarrak.
Landareetan, berriz, goizeko tipula eta gorria dira nagusi salmentetan. Hala ere, aukeran dira, baita ere, aza, espinaka, kukulua eta porrua. Baita azken eskarolak ere. Otsailean berriz hasiko dira azalora eta brokolia. «Apirila-maiatzerako prest egongo dira. Hauen arriskua da beroarekin gora egiten dutela segituan» azaltzen zuen Montes Etxeko Izagirrek.
Perretxikoen atalean, aldiz onddo fresko alerik ere ez zen. Hau ez da askotan gertatzen.
Arkumea merkeago
Arkumeraren prezioari dagokionez, Gipuzkoako arkume salmentaz eta bilketaz arduratzen den Garsabi elkarteak enkantez lortutako prezioa aste honetan 3,30 euro gehi %10 BEZ da; datorren astetik martxoaren 14ra arte 3,10 gehi BEZ finkatua geratu zen. Kopuruaren arabera, zuzenean artegian edo hurbileko punturen batean jaso ohi dituzte astero. Artzaintzak azken urteetan izan duen garapena kontuan hartuta, salmenta modua aldatu da. Ordiziara zuzenean saltzera inork gutxi ekartzearen arrazoia ere horren seinale da.