Ikurrina legeztatu zela 40 urte
Duela berrogei urte legeztatu zuten ikurrina, diktadura garaiko debekualdiaren ondoren. Askatasun egarria zegoen, eta Goierriko herri askok berehala jarri zuten udaletxeetan.Berrogei urteko debekuaren ondoren, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian be...
Duela berrogei urte legeztatu zuten ikurrina, diktadura garaiko debekualdiaren ondoren. Askatasun egarria zegoen, eta Goierriko herri askok berehala jarri zuten udaletxeetan.
Berrogei urteko debekuaren ondoren, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, legeztatu zuten ikurrina. Goierriko herririk gehienetan ere, egun berean deitu zituzten udalbatzen bilerak, eta hala onartu eta gero, ikurrina jarri zuten udaletxeetako balkoietan.Francoren heriotzaren ostean, garai berezia bizi zuen Euskal Herriak, eta hainbeste urtetako errepresioaren ondoren, dena egiteko zegoen, bai kultura eta bai politika aldetik. Giro hartan, gero eta ozenago entzuten ziren ikurrinaren aldeko oihuak, eta Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren aldarrietako bat izan zen, foruen eta estatutuaren defentsarekin batera.
Alkate haien ordezkaritza bat, Rodolfo Martin Villa presiden-tearekin bildu zen 1977ko urtarrilaren 18an, eta denek espero zutenaren kontra, ikurrinaren aurrean «tolerantzia» izango zuela azaldu zien. Ez zuten denborarik galdu alkateek, eta biharamunean, Euskal Herriko dozenaka udaletxetako balkoietan zintzilikatu zuten ordura arte debekatutako ikurra. Hala, herriak legeztatutako bandera hura legezko bihurtu zen.
Bilera hartan izan zenetako bat da Martin Perez de Albeniz, garai hartan Ormaiztegiko alkate zena. «Ikusarazi ziguten ikurrinarena baietz baina ezetz, ezetz baina baietz… Usaina hartu genuen Donostian ateratzeko asmoa zegoela. Ez geunden horretarako prest». Hala, egun hartan bertan deitu zituzten udalbatzak. Ikurrinak lortzea izan zen beste zailtasunetako bat, GoiBerri aldizkariari azaldu zionez. «Zaldibiako alkatea eta biok joan ginen Donostiara, Ordiziako frontoi ondoan geratu, eta haren autoan, Madrilgo matrikula zeukalako. Horrela, Donostian bueltan Guardia Zibilak geratzea zailagoa izango zela pentsatu genuen. Beldurrez joan ginen». Lau ikurrina ekarri zituzten: Ormaiztegi, Gabiria, Zaldibia eta Urretxurako. Ormaiztegin, Albenizek berak eta Jose Julian Baztarrika zinegotziak jarri zuten.
Aipatutako herriekin batera, Legazpi izan zen erabakia hartzen aurrenekoetako bat, garaiko udalbatzako aktak jasotzen duenez. Arratsaldeko 19:30ean, Pedro Agirre Ugarte eta Pedro Solana Buldain izan ziren ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilikatu zutenak. Dantzari eta guzti egin zieten agurra atarian.
Pueblo egunkariaren garaiko kronikak jasotzen duenez, berriz, bi mila-bat laguneko manifestazioa egin zuten Zumarraga eta Urretxu artean, baina Guardia Zibila agertu eta jendea banatu arazi zuen.
Aurreko saiakerak
Aurretik ere izan ziren ikurriña aldarrikatzeko saiakerak eskualdean. 1968an, esaterako, Laz- kaoko beneditarren monastegiko elizaren kanpandorrean jarri zuten ikurrina. Ekintza hura fraide beneditarrek beraiek egin zutela uste da; ikurrina jartzeaz gain, teilatu osoa koipeztatu zuten, eta Guardia Zibilak egun osoa behar izan zuen ikurriña erretiratzeko. Lazkaon ere, 1977ko urtarrilean jarri zuten ikurriña udaletxean, udalbatzak hala onartu eta gero.
Bada beste pasarte zaharrago bat, 1967koa eta Beasainen gertatutakoa. Munduko Ziklokross Txapelketa ospatzen zen egunean, ETA erakundeak zirkuituan zehar zeuden bandera espainiar guztiak kendu eta bi ikurrina erraldoi jarri zituen, goi tentsioko linean zintzilikatuta. Ikurrinak garaiz kentzeko modurik ez zegoela ikusita, proba hasi egin zuten, baina bozgorailuetatik Espainiako ereserkia jarri omen zuten goiz guztian, Iñaki Egañak Cuando la Ikurrina llego a los Andes liburuan jasotzen duenez.