Parkea solastoki bihurtuta
Goierriko irakurle taldeen lehenengo topaketa egin dute larunbatean, Beasainen. Bederatzi herritako hamar irakurle talde elkartu dira. Joan Mari Irigoieni omenaldia egin diote, euskal literaturan egindako ekarpenagatikPasa den larunbatekoa, «literatur...
Goierriko irakurle taldeen lehenengo topaketa egin dute larunbatean, Beasainen. Bederatzi herritako hamar irakurle talde elkartu dira. Joan Mari Irigoieni omenaldia egin diote, euskal literaturan egindako ekarpenagatik
Pasa den larunbatekoa, «literaturaz, emozioz eta esker onez zipriztindutako arratsalde zoragarri eta gogoangarria» izan zen Ekaitz Goikoetxearentzat. Goierriko irakurle taldeen lehenengo topaketa egin zuten Beasainen eta «oso pozik» agertu da egunak emandakoarekin.Azken hilabetean, 100 lagunetik gora izan dira Joan Mari Irigoien idazle «handiaren» Consummatum est liburua irakurri dutenak, eta larunbatean, Goierriko irakurle taldeen topaketan, bederatzi herritako hamar irakurle taldeak elkartu ziren, ekimen desberdinen bitartez sormenaren parke gisa egokitzeko aldarrikatzen ari diren Dolarea parkean.
Parkeko zuhaitzek eskaintzen zuten gerizpea aprobetxatuz, hainbat taldetan banatu, eta 84 lagun aritu ziren tertulian, Joan Mari Irigoien bera eta familia-koak tartean zirela, aurrez irakurritako liburuaren ingurukoak elkarrekin aletu eta partekatzen. Horrez gain, Goierriko irakurle taldeek, elkarren berri izan eta dinamikak saretzen hasteko «aukera paregabea» eskaini zien elkarretaratzeak.
«Merezitako omenaldia»
Solasaldia amaituta, Dolarea parketik Igartza multzora egin zuten. Errota eta ingurua bisitatu ondoren. Igartza jauregia «txiki gelditu zen». Joan Mari Irigoien idazleari «ondo merezitako omenaldia» egin zioten, «hainbeste urtean euskal literaturari egindako ekarpen oparo eta aberatsa eskertzeko».
Idazle, poeta, editore, musikari, dantzari, aktore, futbolean irakasle aritu zeneko taldekide eta lagunek, ordubete pasako emanaldi literario-artistikoa eskaini zioten Irigoieni berari eta bera omentzera inguratu ziren ikus-entzule guztiei ere. Ekitaldi «jendetsu, partehartzaile, hunkigarri eta ederra» izan zen, Goikoetxearen hitzetan, «arrasto luze, goxo eta sakona utziko duen horietakoa».