Gabiriako, Itsasoko eta Ezkioko bizilagun erroldatuek ere ormaiztegiarren baldintza beretan erabil dezakete. Larunbatean irekiko dute. Bonuak udaletxean egingarri
Ormaiztegiko kanpoko igerilekua larunbatean zabalduko dute. Irailaren 4ra arte izango da udako bainu denboraldia. Egunero, 11:00etatik 20:00ak arte egongo da erabilgarri igerilekua, San Andres herri eskolaren alboan. Ormaiztegiarrez gain, aurreko urteetan bezala, aurten ere inguruko hiru herrietako bizilagunek ere erabili ahal izango dute.
Lau udalek egin duten akordioari esker, nola Ormaiztegi-koek, hala Gabiriako, Itsasoko eta Ezkioko herritarrek baldintza eta prezio berdinak izango dituzte. Denera, ia 2.500 biztanleko eremuari emango dio zerbitzua Ormaiztegiko igerilekuak.
Bonuak Ormaiztegiko udaletxean egin behar dira. Asteartean ireki zuten epea (10:00-13:00 bitartean). Honako agiriak eraman behar dira: Familia Liburua edo Nortasun Agiria, karnet neurriko argazki bat, erroldatze agiria (Gabiria, Itsaso eta Ezkioko biztanleek bakarrik), eta langabetu edo jubilatu ziurtagiria, horien kasuan, hobaria lortzeko.
Prezio merkeagoa
Lau udalerri horietan erroldatutako herritarrek prezio murriztua izango dute. Hala, sarrera arruntak 7 euro balio du edonorentzat (4-17 urte artekoek 4 euro, langabe eta jubilatuek erdia), eta 4,50 euro bizilagunentzat (3 euro 4-17 urtekoek). 3 urtez azpikoek doan dute, denek.
Bonuak norberarentzat edo familiakoak atera litezke. Igerilekuan taberna zerbitzua ere jarriko dute, uda osorako.