Aizkorriko aterpeari ate berria auzolanean jartzeko deia egin dute
Aizkorri Bizirik taldeak altzairuzko ate berria prestatu du Aizkorriko aterperako, eta larunbatean, auzolanean jartzeko deia egin dute. Oltzako bordetaraino kotxez joango dira, eta handik gora oinez. Hitzordua larunbat honetarako, hilak 15, jarri dute....
Atea altzairuzkoa da eta pisu handia duenez, zatika eramango dute taldeko eta Amezti elkarteko kideen artean. Markoak 72 kiloko pisua du, beheko ateak 55ekoa eta goiko ateak 35 kilokoa. Horrez gain, 10 bat zaku porlan (250 Kg) igoko dituzte; horiek ere zatitu egingo dituzte, pertsona bakoitzak gehienez 12 kiloko pisua eraman dezan.
Lan «gogorra eta neketsua» izango dela ohartarazi dute, eta guztira, 25-30 bat laguneko taldea beharko dutela. Horregatik, aurrez asistentzia baieztatzeko eskatu dute, Aizkorri Bizirik taldekoekin harremanetan jarrita.
Aizkorri Bizirik taldeak urte hasieran ekin zion aterpea berritzeko lanari. 1934an eraiki zuten aterpea eta egoera txarrean zegoela ikusita, garbitu eta margotu egin zuten. Atea eta kanpoko hesia berritzea falta da orain.