Doinua musika eskolak ezin izan du aurreikusi bezala ikasturtea han hasi. Udaletik atzerapena «normaltzat» hartu dute eraikinaren nolakotasuna kontuan hartuta
Agirre-Etxeberriko lanak irailerako amaituta egongo zirela aurreikusita, Doinua musika eskolakoek ikasturte berria han hasiko zutelakoan zeuden. Ikasturteari, baina, Saturnino Telleriako aspaldiko egoitzan ekin diote Agirre-Etxeberriko lanak ez baitaude amaituta. Eric Galvez Legazpiko udal gobernuko kideak azaldu duenez, «lanen %95 bukatuta daude». Dioenez, «eraikinaren berezitasunak atzerapenean eragin du».
Aurreko astean udal ordezkariek, eraikuntza enpresakoek eta Doinuakoek bilera bat izan zuten lanen nondik norakoa aztertzeko. Galvezek adierazi duenez, «bileran Doinuakoei eraikinaren erabilera azaldu zitzaien, baita funtzionatzeko era, insonorizazioa eta aireztatzea ere. Amaitzeko geratzen den %5a «detaileak» direla gehitu du Galvezek.
Aitor Madina Doinuako zuzendariak aurreko asteko bileran bi hilabeteren buruan Agirre-Etxeberrira joateko moduan egongo direla esan zietela azaldu du, «ordurako gure beharrak bermatuta egongo direla esan ziguten».
Santa Zeziliarako
Madinak mudantza Santa Zezilia inguruan, azaroaren 22an, egiteko aukera buruan dutela esan du, «musikarion eguna modu berezian ospatzeko era ezin hobea litzateke». Edonola ere, «ez dago gure esku», gehitu du Madinak.
Izan ere, egoitza berria egunerokotasunean klaseak normaltasunez emateko moduan dagoenean joango direla dio, «oraingo egoitzan ditugun material eta altzari batzuk erabili ahalko ditugu Agirre-etxeberrin eta berriak ere erosi beharko dira».
Lanei dagokienez, Madinak egiteko geratzen dena zehaztu du: «Erakundeek dagozkien baimenak eman behar dituzte. Berogailua, igogailua eta abar ongi dabiltzala segurtatuko duen ikuskatzailea joatea falta da. Eusko Jaurlaritzatik ere proiektua aurkeztutakoarekin bat datorrela esango duen ikuskatzailea joan behar da. Halako prozedurak egiteko daude».
Egoitza berria abantaila izango da Doinua musika eskolarentzat. Madinak orain sakabanatuta daudela gogoratu du Saturnino Telleriako egoitzak ez dituelako beharrezko baldintza guztiak betetzen. Irisgarritasun arazoak ere baditu orain arteko egoitzak hainbat ikaslek behar bereziak dituztelako eta igogailurik gabe ez direlako ongi moldatzen.
385
Ikasle. Doinua Musika Eskolan 2017/18 ikaturtea hasi duen ikasle kopurua.
Sakabanatuta. Donoiak Saturnino Telleria kalean du egoitza nagusia. Hala ere, insonorizazioa dela-etam hainbat ikaslek Legazpiko beste toki batzuetan jasotzen dituzte eskolak. Agirre-Etxeberriko egoitza berriak ikasle guztiak hartuko ditu.