Goierriri buruzko edo hari dagokion edozein zientzia arlo lantzeko aukera emango du, beste behin, Gerriko Ikerlan Bekak. Ostiralean zabaldu zituzten Gerriko kultur elkarteak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak 18. deialdiaren oinarriak.Eskaerak ...
Goierriri buruzko edo hari dagokion edozein zientzia arlo lantzeko aukera emango du, beste behin, Gerriko Ikerlan Bekak. Ostiralean zabaldu zituzten Gerriko kultur elkarteak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak 18. deialdiaren oinarriak.
Eskaerak urtarrilaren 19ko 12:00etarako aurkeztu beharko dituzte ikertzaileek. Proiektu zehatza eta bibliografia (15 bat orrialde denera), eta karta itxian ikertzaileen datuak bidali behar dira, kanpoan proiektuaren izenburua adierazita.
Epaimahaiak aukeratzen duen proiektua garatzeko eta liburua idazteko, 7.000 euroko ordaina izango du bekak. Hiru zatitan eta alditan jasoko du saridunak.
Martxoaren 16an jakinaraziko da saritua zein den. Ondoren, urtebeteko epea izango da ikerlana erabat bukatzeko eta entregatzeko; 2019ko martxoaren erdirako.
Ikerlan bukatuaren testuak 100 orrialde izan behar ditu, gutxienez.
Herri edo bailara mailakoa
Ikerketa zientifikoa egitea eta argitaratzea bultzatzen du Gerriko Ikerlan Bekak, 1990etik. Hala, Goierri eskualdean kokatua egon behar du objektuak edo gaiak. Herri mailakoa edo bailara mailakoa izan liteke, edozein garaitakoak. Herriei buruzko monografiak ere aurkez litezke. Edozeinek parte har dezake, izan goierritar nahiz kanpoko.
Ikerlanaren gaia edozein esparrutakoa izan liteke: hizkuntza arlokoa (literatura, filologia, toponimia…), giza-azterketen eremukoa (antropologia, filosofia, psikologia, pedagogia, historia…) edota sektoriala (industria, ekonomia, ingeniaritza, zuzenbidea, informatika, osasuna…).
Euskaraz izan behar dute.
Ikerlana liburu eran argitaratuko dute antolatzaileek. Gerriko ikerlan bildumak 24 titulu eman ditu, 1990etik. Azken bi liburuak aurten ateratzekotan dira: industri turismoari buruzkoa, eta gazteen sormen emozionala sustatzeari buruzkoa. 18. deialdiak 25. alea emango du.