Burdinolak Patrizio Etxeberriaren Segategian lan egin zuten lau langileekin mahai ingurua egingo du bihar. Rogelio Botanz langile horietako bat da. Ofizioa eta bizimodua azaldu ditu senideekin batera.
Rogelio Botanzi (Olatzagutia, Nafarroa, 1926) istripu batek bizitza aldatu zion, baita bizilekua ere. Patrizio Etxeberriaren kamioi batek bere anaia txikia harrapatu zuen. Istripuaren ondorioz anaia hil zen eta Legazpiko lantegian lana eman zioten, bizitza osorako lana. Botanzek segak leundu zituen berrogei urtez kasik.
Rogelio Botanz, Gabriel Larrea eta Teofilo Villalmanzo Legazpiko PESA Patrizio Etxeberria SA Segategiko langile ohiek hitza hartuko dute bihar, 19:00etan, Burdinolak antolatutako mahai-inguru batean; Iñaki Beldarrainek gidatuko du saioa. Hitza hartu eta segak egiteko prozesuak nolakoak ziren kontatuko dute, besteak beste.
Segategiaren inguruko testigantzak, bidenabar, garai bateko Legazpiren erretratua egiten du Botanzen ahotan, baita haren emazte Natividad Parra eta alaba Nati Botanzen hitzetan ere.
Botanz apopilo egon zen Legazpira lanera iritsi eta zortzi urtez. Olatzagutiatik ekartzen zituen elikagaiekin otorduak prestatzen zizkioten ostatu hartu zuen Guinea sendiaren etxean. Tutuaren zaratarekin sartzen zen lanera eta tutuarekin atera. «Lanpostuak mailakatuta zeuden, gurea bederatzigarren mailan zegoen, erraztatzaileen pare».
Zortzi urtez apopilo egon ondoren, Botanz Natividad Parrarekin ezkondu zen. Ezagutu zirenean emaztegaia Altsasun (Nafarroan) etxe batean zerbitzari lanetan ari zen: «Ezkontzea erabaki genuen etxe hartan ordaintzen ziotena baino gehiago emango zigutelako puntuetan». Puntu sistema bat zegoen Patrizio Etxeberrian. Hobaria bat zen beharginen emazteek etxetik kanpo lan egin ez zezaten. Ezkondu eta Burgosera (Gaztela) joan ziren ezteibidaian. Itzuli zirenean gurasoek emandako platerekin, alpakazko mahai-tresnekin eta lapikoekin hasi ziren sukaldea beste bizilagun batzuekin partekatzen zuten ganbara batean. Rogelio Botanzek segak leuntzen zituen bitartean, etxeko administrazioa Nati Parrak hartu zuen bere gain.
Bederatzigarren maila
Ganbaratik Arantzazu auzoko pisu batera joan ziren. Botanz bederatzigarren mailan zegoen fabrikan eta auzoetan pisuen banaketa maila haien araberakoa zenez, solairuarteko pisu bat eman zieten. Nati Parrari irri bat marraztu zaio aurpegian: «Niretzat oso egokia izan zen belar gainean manta bat luzatu eta hantxe jartzen nituelako umeak».
Botanzek eta Parrak sei seme-alaba izan zituzten. Solairuka banatzen zituzten langileak eta gizartea ere banatzen zuten nonbait. Nati Botanz alabak dioenez, auzoetan ez zegoen klase sozialik. «Familia ugariak zeuden eta bi seme-alaba zituztenak. Lehenengoak pobreak ziren, besteak ez».
Hirugarren umea jaio zenean etxean apopiloak hartzeari utzi zioten, hala lagundu zioten etxeko ekonomiari. Ez zen lagungarri soila izan, apopilo haietako asko laguntzat eta senidetzat dituzte oraindik ere.
Josi eta josi
Patricio Etxeberria lantegia, 40ko hamarkadan.
Botanzek segak egiten zituen, sega katalanak omen ziren zailenak. Zarata, hautsa eta laneko baldintzak ez ziren onenak. Botanz hasi zenean ez zizkioten belarriak babesteko kaskorik eman, ezta begiak babesteko betaurrekorik ere, eta eman zizkiotenean, ez zen sekula ohitu.
Bien bitartean, Nati Parrak seme-alabak erditu eta hamaika arropa josi eta beste hamaika etxekolan egiten zituen. Hala, seme-alaba guztiei ikasketak eman zizkieten eta guztiek ikasi ahal izateko etenik gabe saiatu zena Nati Parra izan zen. Ederra da hori esaten dutenean Rogelio Botanzek bere emazteari nola begiratzen dion, nabaria da oso harro dagoela.
Nati Parrak asko irakurtzen zuela dio. Egunkariak hainbeste irakurrita jakiten zuen, adibidez, langileen seme-alabentzat bekak zeudela. «Roge seme nagusia oso ikasle ona zen. Nik aurrezki kutxan mailegua eskatua nuen ikastera joan zedin. Beka bat eskatu, eta eman zigutenean itzela izan zen, 100.000 pezeta eman zizkiguten! Salbatu ninduen».
Mailegu haiek eskatu, eta lanean hasi zirenean bueltatu zuten kutxak emandako dirua. Hala ikasi zuten denek eta egun gehienek irakaskuntzaren alorrean egiten dute lan. Musikarekin ere badute harremana. Rogelio aitak zaletasuna transmititu zien eta Rogelio semea musikaria da. Gabriel Arestiren
Nire poesia olerkiarekin Botanzek ondutako abestia entzutea merezi du.
Seme-alabak ikasten ari zirenean saldu zituen Patrizio Etxeberriak pisuak. Ez zen Botanz sendiarentzat erosteko unerik egokiena, baina horri ere aurre egin zioten eta etxea erosi zuten ahaide batzuen sinadura berme gisa emanda. «Garai hartan hala egiten ziren gauzak», dio Nati Parrak. Sareak zituzten, garaiko sare sozialak ziren, hezur-haragizkoak. Etxeko ataritik kanpora akaso sareak ez ziren horren errazak mailaka eta solairuka zatitutako gizarte batean, Edonola ere, Nati Parrarentzat urte haiek «urte ederrak» izan ziren.