Dantza, musika eta testuz hasi dira Iztueta goratzen
Zaldibiako dantzariek, gaur egun ari direnek zein lehengoek, dantza saio berezian omendu dute Juan Inazio Iztueta, jaiotzaren 250. urtean. Idazle gisa ere oroitu dute, irakurketa ibiltaria eginez haren jaiotetxera.Oinordekoak baditu Juan Inazio Iztueta...
Zaldibiako dantzariek, gaur egun ari direnek zein lehengoek, dantza saio berezian omendu dute Juan Inazio Iztueta, jaiotzaren 250. urtean. Idazle gisa ere oroitu dute, irakurketa ibiltaria eginez haren jaiotetxera.
Oinordekoak baditu Juan Inazio Iztuetak sorterrian bertan, kulturaren, dantzaren, musikaren, bertsoen eta letren segida emateko. 250 urteren buruan, burua jasoko balu, ehunka herkideren solasa ikusiko zukeen.Ostegunean ekin zioten dantza-maisu eta idazle zaldibiarraren jaiotzaren 250. urteurrena oroitzeko ekitaldi sortari. Jose Inazio Antsorenak jo zien errepasoa Iztuetaren bizitzari eta ereindako hazien fruituei, Aitor Furundarenak lagunduta. Aurrez, hamabost eguneko egitaraua aurkeztu zuten Joxan Etxabe alkateak, Tere Irastortza eta Joxe Bernardo Garmendia Iztueta Kultur Elkarteko kideek, eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren lehendakari Xabier Mendizabalek. Erakusketa hornitua ere ikusgai da, Karreanen.
Dantzariak eta idazleak
Larunbatean, eguerdian Iztuetaren testuak irakurriz ibilalditxoa egin zuten, Zaldibian. Mugertzan hasi, kalea zeharkatu, eta Txamarretxen jaiotetxe aurrean bukatu zuten txangoa. Gipuzkoako Probintziaren Kondaira liburuko bost testu leitu zituzten. Idazle Eskolakoek, Txanbolinteroek eta musika eskolakoek parte hartu zuten.
Arratsaldean, Resti frontoian, Zaldibiako dantzariek omenaldi berezia egin zioten Iztuetari; bertsoz, dantzaz eta musikaz. Txikienetik larrietara, talde bakoitzak dantza bana egin zuen.