Abenduak 6: Ez dugu ezer ospatzeko!
Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzio sakrosantoaren eguna dugu, gure herriaren borondate demokratikoa eta era duinean bizitzeko aukerak murrizten dizkigun testuaren eguna. Horregatik, guk ez dugu ospatzeko arrazoirik, jaiegun inposatua eta iraingarria...
Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzio sakrosantoaren eguna dugu, gure herriaren borondate demokratikoa eta era duinean bizitzeko aukerak murrizten dizkigun testuaren eguna. Horregatik, guk ez dugu ospatzeko arrazoirik, jaiegun inposatua eta iraingarria baita euskal herritarrontzat.
Aurten, 40 urteren ondoren, lehen aldiz zalantzan jarri du Espainiako Konstituzioa eta Frankok ondo lotuta utzitako Espainia, Kataluniar herriak. Prozesu horrek, Espainiako Estatuaren benetako aurpegia azalarazi du berriro, euskaldunok aspaldi ezagutu eta sufritu dugun hori. Herritarrei beraien etorkizuna erabakitzen uzteko inongo borondaterik ez dutela argia da eta hori bermatzeko armada darabilte, «para garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento consti- tucional».
Espainiako legedian konstituzioa aldatzea ezinbestekoa litzateke herritarron beharrei erantzun ahal izateko. Orain urte batzuk, herritarron beharrei muzin egin eta bankuen zorra ordaintzea lehenetsi zuten, gau batetik bestera aldatuz konstituzioa. Baina, zer gertatzen da erabakitzeko eskubidearekin? Kongresuko kideen %72 eta senatarien %82 aurka daudela, beraz, gaur gaurkoz, ezinezkoa zaigu Espainiar Erreinuan aldaketarik egitea.
«España una, grande y libre!». Hori da Frankok utzi zien ondarea eta hori horrela izan dadin bermatuko dute. Hori da beraien estatu eredu bakarra eta gainontzeko herriok ez dugu lekurik bertan. Kataluniar herriak erakutsi digu, herri batek estatu batek baino indar handiagoa duela, herria dela bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena duen bakarra.
Orain guri dagokigu Euskal Errepublika eraikitzen hastea, Kataluniar herriari laguntzeko eta euskal gizartearen ongizatea bermatzeko. Errepublika beharrezkoa da erabakitzeko eskubidea berme osoz eremu orotan gauzatu ahal izateko, hezkuntza eredu herritarraren alde, enplegu duin bat izan dezagun, etxebizitza eskubidea egia izan dadin, ustelkeriarik gabeko herri baten bidean, denon hizkuntza eskubideak bermatu daitezen, eskubide zibil eta politikoak errespetatu daitezen, gure osasun sistema publikoa bermatzeko, pentsio duinak lortu ahal izateko, euskal gizarte feminista ziurtatzeko, etab. Milaka arrazoi ditugu independenteak izateko eta ezta bat ere dependenteak izaten jarraitzeko. Finean, Euskal Errepublika behar dugu hobeto bizitzeko.
Hesola botatzeko, kataluniarrak handik tiraka ari diren honetan, gu hemendik tiraka hastea falta zaigu. Martxan jartzeko unea da, datorren urtea Errepublikaren bidean tren herritarra martxan jartzeko urtea da, eta Goierritik horretarako baldintzak sortzeko unea. Euskal Herri hobe batean amesten duen oro, igo dadila trenera. Elkarrekin Euskal Errepublika duina eraikiko dugu!