Legazpiko Azokan Extremadurako aspaldiko ohituraren berri emango dute La Bellota zentroko kideek. Badajozeko zein Caceresko migak eta bestelakoak dastatzera emango dituzte eguerdi partean.
Ana Sanchez Serenako bailaran jaio zen, Caceresen. Urteak dira Legazpin bizi dela eta dioenez, «jada ez dakit nongoa naizen, hangoa edo hemengoa». La Bellota Legazpiko Extremadurako zentroko kidea da eta igandean egingo duten Txerri festan parte hartuko du. Festan ez da txerri hiltzerik egingo, baina tradizio hura gogoratuko dute. Festa 12:00etan hasiko da eta 15:00ak arte iraungo duela aurreratu du Sanchezek.
Gogoratu du, halaber, haurra zela etxean txerri hiltzea egiten zuten garaia: «Neguan egiten genuen txerrikiak hobeto lehortzen zirelako. Hango neguko izotzak mesede egiten zion txerrikien lehortze prozesuaari. Amari laguntzen genion guk lan guztiak egiten». Orain txerria hilda ekartzen diete La Bellota zentrora. Gaur arratsaldean jasoko dute eta lanari ekingo diote. «Zatikatu eta prestatu», Sanchezen hitzetan. «Txerri hiltzea zen- troan egiten dugu, etzikoa plazan simulazioa izango da jendeak egiten dugun lanaren zati bat ikus dezan», gehitu du. Esate baterako, hesteak eramango dituzte txorizo haragiz betetzeko. Betetze lana jendaurrean egingo dute eta eskatzen dizkieten azalpenak emango dituzte..
Caceresko miga gorriak La Verako piperrautsak gehitzen dizkiete eta Badajozeko miga zuriak emango dituzte dastatzera. Txorizoa ere izango da eta ardoa eramango dute edateko, baina aurten ez dute odolkia eskainiko: «Gero eta zaharragoak orduan eta lan egiteko gogo gutxiago dugu. Gure gazteei ohitura hauek arrotzak egiten zaizkie». Etzi elkartean lanean ari diren guztiak Azokan egongo direla dio Sanchezek, errelebo faltari azpimarra egin nahian.
Honezkero hogei urte inguru izango dira Extremadurako zentroko kideek txerri hiltzea legazpiar guztiekin batera ospatzen dutela. «Zentroa ireki genuela 23 urte dira eta lehenengo urteetan ez genuen egin, beraz hogei bat izango dira».