Artzain Eguna egingo da gaur Ordizian. Bi mila ardi buruk zeharkatuko dute Kale Nagusia. Idiazabal Gaztaren sasoia irekitzeaz gain, erregulartasun sariak ere banatuko dituzte
Azken urteetako produkzio daturik onenekin hasiko du denboraldia Idiazabal Gaztak. Gaur egingo dute irekiera ofiziala,?Ordiziako?Artzain Egunean. Garai bateko transhumantzia ohiturak gogoan, artaldeek herrigunea zeharkatuko dute. Eta ondoren, Joxe Mari?Goenaga zinemagile ordiziarrak aurtengo gazta berria ebakiko du. Goizetik hasita, aparteko azoka eta ekitaldi ugari izango dira Ordizian. Artzain Eguna 1995ean antolatu zen aurrenekoz, artzainei eta haien lanari gorazarre egiteko.
Gipuzkoan «artzaintzari eta gaztari maitasuna adierazten dion herririk bada, hori Ordizia» dela esan zuen Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, Artzain?Egunaren aurkezpenean. Izan ere, gaztaz gain, artzaintza «nortasuna, izaera eta kultura» ere badela gogorarazi zuen.
Ordizian egiten diren aparteko azoketan lehena da Artzain?Eguna. Jose?Migel Santamaria alkateak, azoka horiek « Ordiziaren espresio» direla azaldu zuen ekitaldi berean. Ordizia bera ere «landa eremuaren fruitua» dela uste du, «sorreratik landa eremuari zerbitzua» eskaini baitio. Eta azokari esker, Ordiziak urtetan «baserritarrak eta bisitariak» erakarri dituela gogorarazi zuen. Aurten Ordizia hiribildu bezala sortu zeneko 750. urteurrena ospatzen ari dira, eta historia horren zati garrantzitsua izan da azoka, bost mendetan baino gehiagotan.
Ekoizpena, urtez urte gora
Gazta denboraldiari hasiera emango dion ekitaldian, Idiazabal Jatorri izendapenak erregulartasun-kalitate sariak banatuko dizkie Legazpiko?Makatza baserriko Aitor Mantxola artzainari eta Udabeko (Nafarroa) Dorrea gaztandegiari. Omenaldietarako tartea ere izango da; Zacarias Puente Kantabriako Gazta Kofradiaren sortzaileari aitortza egingo baitiote.
Idiazabal Jatorri?Izendapeneko gaztak azken zazpi urteetako daturik onenak izan ditu 2017an. Izendapenean sartuta dauden 120 gaztandegiek 1.380.012 kilo gazta ekoitzi dituzte; iaztik %3ko igoera izan da, 2016an baino ia 40.000 kilo gehiago egin baitituzte 2017ko kanpainan. Gaztandegien kopurua iazko bera bada ere –120 gaztandegi–, esnea saltzen duten artzainen kopuruak gora egin du, eta 2016an baino 35 gehiago dira.
Goenagari aitortza
Artaldeak herrigunetik pasa eta berehala, 11:15ak aldera, hasiko da Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari hasiera ofiziala emango dion ekitaldia. Aurten Joxe Mari Goenaga zinema zuzendari eta gidoilari ordiziarrak ebakiko du gazta berria. Moriarti ekoiztetxearen eskutik, Loreak eta Handia bezalako film ezagunetan parte hartu du Goenagak.
Donostian bizi bada ere, ordiziartzat du bere burua, eta «pozik» hartu du egun horretarako gonbitea. Txikitan «asteazkenetako azoka eguna bizitakoa» dela azaldu du. Artzain Eguna ordea, «berria» izango da Goenagarentzat, sekula ez baita egun horretan jaioterrian egon. Lan kontuak direla medio kanpoan ibili behar izan badu ere, gaur jaioterrian izango da Goenaga.
Gaurko egitaraua
· Goiz osoan. Asteroko feriaz gain, gazta salmentarako eta Goierriko artisautza produktuen postuak herrian zehar.
Trikitilariek eta dultzainariek alaituko dute giroa.
· 09:00. Ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Eusko?Labela duen esne bildotsa burruntzian erreko da, Garagartza plazan.
· 11:00. Artaldeak (2.000 ardi buru) igaroko dira Ordiziako kasko historikoan barrena.
· 11:15. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala, udaletxean. Joxemari?Goenaga zinemagile ordiziarrak ebakiko du gazta berria. Aurretik, Zacarias Puente Kantabriako Gazta kofradiaren sortzailea omenduko dute. Gazta kalitatearen eta erregulartasunaren sariak ere emango dituzte.
· 11:30. Gazta nola egiten den ikusteko eta mamia dastatzeko aukera Garagartza plazan.
· 11:30. Eusko Labeldun esne bildotsa, burruntzian erreta, dastatzeko aukera. Bildutako dirua Aspanogi minbizia duten haurrenguraso elkartearen alde izango da.
· 12:15. Ile-mozte erakustaldia Garagartza plazan.
· 18:00. Ordiziako kasko historikoaren bisita gidatua, D’Elikatuz Zentroaren eta Urrup antzerki taldearen eskutik.