Gaurkoan euskararen erabileraren inguruko eskubide urraketa bat salatzera gatoz. Tamalez, ez da berria gure udal honetan gertatzen ari dena. Bilera eta batzordeak izaten ditugun guztietan pairatzen dugun egoera da. Euskaraz hitz egiteko dugun eskubidea zanpatzen digute behin eta berriz, gazteleraz hitz egiteko eskubidea aldarrikatuz. Gure udalerriko alderdi sozialistaren ordezkari den Santi Urdanpilletak, behin eta berriz aldarrikatzen eta exijitzen du gazteleraz egiteko bere eskubidea. Esan beharra dago, dagozkion azalpen guztiak ematen zaizkiola gazteleraz, aurretik euskaraz azaldutako gaien inguruan. Baina azkeneko batzordean (2018/04/19 Herritarren batzordea), azalpenak ematen ari zen teknikaria gazteleraz ari zela eta, euskaraz egitea eskatu genion. Zein izango aipatutako zinegotziaren erantzuna eta «
en castellano, que no me entero, o si no abandono la comisión».
Egoera horren aurrean eta batzordeko lehendakariak (EAJ) neurririk hartu ez zuenez, EH Bilduko ordezkariok batzordetik alde egitea erabaki genuen. Dozena bat pertsona geunden bilera batean, bakar baten exijentziagatik, guztiok gurea ez den hizkuntza batean jardun behar badugu, gure eskubideak urratzen ari direla uste dugu. Eta hasieran esan bezala, behin eta berriz ematen den egoera bat da hau. Ez dugu uste desinformaturik geratzen denik, azalpen guztiak bere hizkuntzan errepikatzen baitzaizkio. Baina hizkuntzarekiko duen begirune eza eta jarrera oldarkorra salagarriak iruditzen zaizkigu. Baita, gobernuan dagoen EAJren aldetik dagoen erreakzio eza ere. Badugu gaiari irtenbidea emateko garaia. Bitartean guk gure hizkuntza erabiltzen eta defendatzen jarraituko dugu, orain arte bezalaxe.
– Zezilia Herrador (EH Bilduko zinegotzia)