Iñaki Insausti: «Korrika egiteaz gain emozioak bilatzen ditugu lasterketetan»

Duela bi urte 13. amaitu zuen tolosarrak Marimurumendi mendi maratoia; aurten itxaron zerrenda zabalduko orduko eman zuen izena, helburu garbi batekin: lau ordutik ahalik eta gehien jaistea.

I_aki_Insausti_tolosarra

Korrika ibiltzeaz gain, Iñaki Insausti (Tolosa, 1982) Tolosaldeko 3 Tontorren (T3T) eta Tolosaldeko 2 Tontorren (T2T) antolatzaile taldeko kidea da. Marimurumendira etxeko lanak ondo eginda iritsiko da.

T3T mendi maratoia egin berria zara. Orain Marimurumendi tokatzen da.

Biak etxe ondoan dira; zure jolas parkea bezala. Inguruko jendea ere asko animatzen da, eta konbinazio horrek asko erakartzen gaitu.

Eta horrek asko balio du.  

Zalantzarik gabe. Korrika egiteaz gain emozioak bilatzen ditugu. Nahiko gauza filosofikoa dirudi, baina horrela da, bestelako gauza batzuk badaude lasterketa hauetan, eta horiek ere bizi nahi izaten dituzu.

Marimurumendi nola gogoratzen duzu?

Ehunmilak trilogia horretan lasterketa berria dela esango nuke. Niretzat izugarri polita da; oso korrikalaria. Nire kasuan, gainera, hori da erronka: 42 kilometro horiek ahalik eta azkarren egitea, ahalik eta korrika gehien egitea.

Duela bi urte ezagutu zenuen barrutik. 13. egin zenuen, Top 10etik hurbil.

Egiten zen bigarren urtea zen. Izugarrizko beroa egiten zuen; hori ez zait ahaztuko. Karranpekin bukatu nuen. Nik, eta uste dut inguruko guztiek. Orduan banituen zenbaki batzuk buruan, eta orain, bi urtera, horiekin jarraitzen dut.

Zein dira zenbaki horiek?

Lau ordutik ahalik eta gehien jaistea.

Postua ez da lehentasuna, beraz.

Nire kasuan postu bat egitea baino gehiago da denbora jakin bat egitea. Postua denoi gustatzen zaigu, baina ondorio bat da. Denbora luzarorako geratzen da, eta pertsonalki gehiago balio dit horrek.

Beste zenbaki bat: 2.300 metroko batez besteko malda positiboa.

Proportzioan, 20 kilometroko 1.000 metroko igoera da. Gogorra da, baina aldi berean ez da hain gogorra. Marimurumendi oso paraje pisteroa dela esango nuke. Mendi mendia esaten dena Izazpi bakarrik da, agian. Beste guztia pistak eta bidezidor azkarrak dira. Orduan, nahiz eta 2.000 metroko goranzko malda izan, korrika asko egin daiteke. Hori da lasterketa honek daukan xarma.

 

«Nire kasuan, postu bat egitea baino
gehiago da denbora jakin bat egitea»

 

Lehen trilogia aipatu duzu. Zuk G2H-arekin ezagutu zenuen.

Gauez atzeratzen zen lasterketa berezi bat zen. Ehunmilak gehiegi zela argi nuen, baina G2H-k bazuen halako magia puntu bat. Ezagutu genuen, baina nire buruari esan nion: «Gauekoa oso polita, baina hortik aurrerakoa niretzat soberan».

Inflexio puntu bat izan zen zuretzat.

Ondoren beste bat egin nuen, antzekoa, arantza kentzeko. 80 kilometro niretzat gehiegi direla erabaki nuen. Niri korrika egitea gustatzen zait. Berdin zait asfaltoan, krosean, pistan… Orduan erabaki nuen mendi maratoiak niretzat nahikoa zirela.

Ehunmilak gehiegi zela zuretzat, hasieratik zenuen beraz argi.

Irteeran izugarrizko inbidia ematen didate. Gainera, ni tolosarra izanik, etxe aurretik pasatzen dira. Hor ere pentsatzen dut: «Hau latza izango da; mundiala!» Baina gero hor ibiltzen diren lagunekin hitz eginda, argi daukat burua ez daukadala horretarako. Horrelako distantzietan fisikoaz gain burua behar duzu.

Eta nola diren gauzak: Ehunmilak eta G2H-ren ondoan, mendi maratoiak herri kros bat ematen du.

Horrela da, bai. Orain, serio hitz eginaz, penagarria da. Maratoiak, Ehunmilaken ondoan huskeria bat dela ematen du. Maratoia serio hartu beharreko gauza da. Jendeari iruditzen zaio anaia edo ahizpa txikia dela, eta pixka bat ibilita egin dezakezula. Egia da hiruren artean kutsu herrikoiena duela, baina gauza batek ez du edo ez luke bestea kendu beharko.

Zegama Aizkorri eta T2T-T3T ikusita, inguru hauetako zaletuen babesa izango duzuela ziurra da.

Aipatu lasterketa horietan, Zegama-Aizkorrin zer esanik ez, badago zaletasuna. Marimurumendiren kasuan ibilbidea zortzi antzeko bat izateak asko laguntzen du ikuslea bertan egon dadin. Lasterketa joanekoan eta itzulerakoan ikusteko aukera egoten da. Giro ederra egoten da beti, eta horrek korrikalaria asko motibatzen du. Lehen esan dudan bezala, korrika egiteaz gain esperientziak bilatzen dira lasterketa hauetan eta ikusleek horretan asko laguntzen dute.

Nola iristen zara eta nolakoa izango da zure lasterketa?

Hasiera batean ez nuen izenik eman Marimurumendin. Itxaron zerrenda zabaldu zutenean apuntatu nintzen. Deitu zidatenean ez nuen birritan pentsatu; hor badaukat arantza bat eta atera nahi dut. Hasiera batean bakarrik egiteko ideia daukat. Talde txikiren bat suertatzen baldin bada, ongi. Helburua ahalik eta azkarren egitea izango da, kronometroa eskuan.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend