Agauntza erreka ertzeko bidegorri osoa ezaugarri beretara egokituko dute. Norantza bakoitzerako errei bana irekiko dute. Bi hilabetean bukatzea da udalaren asmoa, 88.000 eurorekin
Lazkaoko kalean, hiri barruko bidegorri sarea osatzeko beste urrats bat egiten atzo hasi ziren. Areso 24-26 atarien paretik, Elosegi kaleraino (Antsoategi parera) luzatuko dute bizikletarientzat bidea. Gaur egun espaloian margotuta dagoen bidexkaren ordez, asfaltozko bidezidor bereizia eraikiko dute.
Zehatz esateko, zati batean bi bidezidor izango dira, norantza bakoitzerako errei bana bereiziko dutelako. San Inazio aldera joateko, espaloiaren zati bat hartuko dute; Elosegi kalerantz jaisteko, lorategiaren erdian aterako dute bide berria.
Hala, Agauntza errekaren ertzean, bidegorriak luzera osoan ezaugarri berdinak izango ditu. «Oinezkoen eta bizikletarien ibilbideak bereizi ahal izateko ere balioko du», dio udalak.
Lanen aurrekontua 88.000 eurokoa da. Gipuzkoak Foru Aldundiak 34.000 euroko diru laguntza eman dio udalari, proiektu hori eta herriko bidegorri sarea hobetzeko beste lan batzuk egiteko. Iaz, San Inazioko zubitik Areso 24-26 arte eraiki zuten bidegorri berria, eta haren jarraipena da atzo hasitakoa. Zortzi asteko epea daukate lanek. Iparragirre enpresak egingo ditu.
Bidegorria eraikitzearekin batera, Areso 4 eta 12 etxebizitzen atzealdean kalea berritzeko ere baliatuko du udalak obra.