Lemniskata elkarteak antolatuta, Igartzako jauregian izango da lehen hitzaldia, 19:00etan. Bihar, ''XVII. eta XVIII. mendeetako Goierriko arkitektoak' erakusketa inauguratuko dute
Azaroarekin batera iritsi da Lemniskata elkarteak antolatutako
Azaroa Zientziaroa zikloa. Gaur, 19:00etan, Igartzako jauregian, Javier Aizpurua fisikari donostiarrak
Argia txikia egiten denean hitzaldia eskainiko du. Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluko irakaslea da Aizpurua (CSIC), Donostiako Materialen Fisika Zentroan (CFM). Bertako,
Nanofotonikaren Teoria taldea zuzentzen du, materia eta argiaren arteko elkarrekintza ikertuz.
Euskal Herriko Unibertsitatean lortu zuen bere doktoregoa, Plasmoiek metalezko nanoegituretan sortutako kitzikapen elektromagnetikoak ikertuz. 2015ean, Donostiako Materialen Fisika Zentroko zuzendari izendatu zuten eta 2017an, mundu mailako ikerlari aipatuenen zerrendan sartu zen.
Erakusketa eta liburua
Bestalde, bihar, 19:00etan, Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan,
XVII. eta XVIII. mendeetako Goierriko arkitektoak erakusketa inauguratuko du Lemniskatak. Azaroaren 18ra arte egongo da ikusgai Beasainen.
Erakusketaren gaiarekin lotuta, azkenik, datorren asteartean, 19:00etan, udaletxeko batzar aretoan, Kaierak bildumako azken liburua aurkeztuko du Martin Garcia Garmendia Lemniskatako kideak; Errekarteko Martin de Carreraren 250. urteurrenaren aitzakian argitaratutako liburua, hain zuzen ere.
Mirentxun eta Jon Aranburu prentsa saltzaileenean eros daiteke liburua, 3 euroan. Lemniskataren hitzaldietan ere salgai jarriko dute.