Goierri-Donostia, Behobiatik
Behobia-Donostia lasterketan eskualdeko 595 lagunek parte hartu dute. Junior onenak Alexander Oiarbide eta Maria Ibañez goierritarrak dira. Beteranoetan, Izaro Rubio bigarren.Fidel mantentzen zaizkio goierritarrak Behobia-Donostia lasterketa herrikoia...
Behobia-Donostia lasterketan eskualdeko 595 lagunek parte hartu dute. Junior onenak Alexander Oiarbide eta Maria Ibañez goierritarrak dira. Beteranoetan, Izaro Rubio bigarren.
Fidel mantentzen zaizkio goierritarrak Behobia-Donostia lasterketa herrikoiari. Parte-hartzaile kopuru orokorra gorantz doan heinean —denera 26.428 lagunek bukatu dute aurten—, gainera, Goierritik joan ohi diren korrikalariak ere gehitzen ari dira, urterik urte.Herenegun, 595 goierritarrek osatu zuten Behobiatik Donostiarainoko ibilbidea. Horiek Goierriko 22 herrietan erroldatuta daudenak dira; kanpoan bizi direnak kontatuz gero, askoz gehiago. Iaztik, 67 goierritar gehiagok bukatu dute.
Eguraldi freskoarekin eta korrikarako bikaina, 10:00etan abiatu ziren atleta herrikoiak, Behobia auzotik. Esatari goierritarrak zituzten bozgorailuetatik animatzaile, musika eta oihu artean. Atletismo herrikoiaren festatzat hartzen den probak 1919ko lehen ekitaldiko ibilbidea berreskuratu du aurten, 200 bat metro luzeagoa eta Kaputxinoetako aldapa tartean sartuta; askorentzat gogorra suertatu da.
Beteranoak eta juniorrak
Goierritarren artean, gizonezkoetan onena Jon Otermin urretxuarra izan da. Orokorrean 65. postuan helmugaratu zen, 1:09:45eko denborarekin. Alexander Oiarbide ordiziarra da eskualdeko bigarrena. Juniorretan, ordea, lehenbizikoa izan zen (1:10:06). Goierriko podiuma, mutiletan, Fernando Monasterio altzagar beteranoak osatu du, 1:10:42rekin.
Oiarbidek mutiletan bezala, junior nesketan ere goierritar bat izan da azkarrena: Maria Ibañez gaintzarra, 1:30:38rekin.
Emakumezkoetan, goierritar onenak beteranoen mailakoak izan ziren. Goierriko lehenengoa Izaro Rubio ordiziarra helmugaratu zen (1:19:30). Beterano nesken atalean podiumera igo zen, bigarren lekuan.
Ondoren, Itziar Andueza (1:26:53) eta Maria Angeles Zabaleta (1:30:56) beasaindarrak daude eskualdeko ohorez tokietan. Zabaletak emakume beteranoen III. sailean bigarren egin du.
Orokorrean, gizonezkoetan Jose Carlos Hernandez kanariarrak irabazi du Behobia-Donostiaren 50. ekitaldia. Arrecifeko atletak 1:01:37 orduko denbora osatu du. Emakumezkoetan, Vanessa Veiga espainiarrak irabazi du (1:09:58).
Goierriko herri guztietatik
Behobia-Donostiaren tiradizoaren seinale, beste datu bat: Goierriko eskualdean udalerri guztietatik joan dira aurten korrikalariak, 22etatik. Iaz Gaintzatik eta Ataundik ez zen ordezkaritzarik izan. Aurten, guzti-guztietatik.
Ohi bezala, Beasaingoak izan dira ugarienak, aurten ere, 137 lagun. Ordiziak ere ehuneko muga gainditu du (102 ordiziar). Ondoren, Legazpi (82 partaide), Zumarraga (56), Lazkao eta Urretxu (43narekin) eta Idiazabal (21) daude, partaidetza handieneko herri goierritarretan. Altzagatik, esate baterako, zazpi korrikalarik parte hartu dute, Mutiloatik joan direnak bezainbeste.
Atletismoaren festan, aurten lehenengo aldiz haurrentzat probatxo bat ere antolatu du Fortuna elkarteak. Goierritarren presentzia nabarmena izan da atal horretan ere. Aitor Zunzunegi (kadetea) eta Oier Mendizabal (jubenila) legorretarrak, adibidez, 22. eta 23. postuetan sailkatu ziren, 17:02 minutuko denborarekin. Bederatzi goierritarrek parte hartu dute.