Goierri kirol elkarteko mendi bizikleta taldeak antolatuko du. Maiatzaren 9an izango da eta Goierri garaiko lau gailurrak joko dituzte 80 kilometro inguruko ibilbideanAurtengo hirugarren ekitaldia izango du Urola Garaia BTT maratoiak. Iaz bereziki egin...
Goierri kirol elkarteko mendi bizikleta taldeak antolatuko du. Maiatzaren 9an izango da eta Goierri garaiko lau gailurrak joko dituzte 80 kilometro inguruko ibilbidean
Aurtengo hirugarren ekitaldia izango du Urola Garaia BTT maratoiak. Iaz bereziki egin zuen gora mendiko txirrindularien parte hartzeak eta 400 txirrindulariren markak hauspotuta, aurten 500 parte hartzaileen langa gainditu nahi dute Julian Dominguez Goierriko mendi bizikletako saileko kideak esan duenez. Dominguezek gaineratu du emakumezkoen parte hartzeari bultzada eman nahi diotela.
Lehenengo mendi maratoian emakumezko bakarrak parte hartu zuen maratoian, iaz lauk. Aurten Goierri garaiko mendiak alderik alde zeharkatzen andre gehiago nahi dituzte eta ahalegin berezia egingo dute emakumezko gehiagok izena eman dezaten.
Bi ibilbide daude aukeran: luzea eta motza. Luzeak 80 kilometro inguru ditu eta laburrak 40 bat. Ibilbidea zehaztu badute ere, antolatzaileek azken orduko aldaketak egon daitezkeela aurreratu dute. «Badakigu ibilbidearen zatiren bat hesituta dagoela eta ez dugu txirrindulariek hanka lurrean jarri behar izatea», dio Dominguezek.
Maratoiaren bihotza Goierri garaiko lau tontor garaienak dira. Txirrindulariek Ezkio-Itsason Izazpi, Zumarragan Beloki, Urretxun Irimo eta Legazpin Korosti mendietako gainak joko dituzte. Lau mendiak lotzen dituen ibilbidea «biribila» dela dio Dominguezek, «urrutiegi joan gabe kirolariek 80 bat kilometroko ibilbidea betetzeko aukera izango dute, lehenago amaitu nahi duenak erraz aurkituko du helmugarako bidea».
Maratoian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Gaur arte federatuek 20 euro eta federatu gabekoek 30 euro ordainduko dituzte izena ematerakoan
kirol.probak webgunean.
Bost euro gehiago
Bihartik aurrera bost euro garestiago aterako zaie federatuei maratoian parte hartzeko txartela. Antolatzaileek izen-ematea azken egunerako ez uzteko eskaera egin diete maratoian parte hartzea pentsatuta dutenei. Iaz Goierriko txirrindulari askok parte hartu zuten. Parte hartzaileek Goierriko eta Euskal Herriko mugak hautsi zituzten eta atzerritik iritsi zen kirolari bat baino gehiago Urretxura eta Zumarragara.