Suntsipena, sortzeko bide
Larunbatera bitartean ikusgai dago Ormaiztegin 'Suntsituz sortzen' erakusketa. Nerea Unanua artista bizkaitarraren margolanek osatzen duteEmaitzari baino gehiago, sortze prozesuari ematen dio garrantzia Nerea Unanua (Markina-Xemein, Bizkaia, 1988) arti...
Larunbatera bitartean ikusgai dago Ormaiztegin ‘Suntsituz sortzen’ erakusketa. Nerea Unanua artista bizkaitarraren margolanek osatzen dute
Emaitzari baino gehiago, sortze prozesuari ematen dio garrantzia Nerea Unanua (Markina-Xemein, Bizkaia, 1988) artista gazteak. Margolan batekin lanean ari denean, prozesuaren puntu batean suntsitu egiten du ordura artekoa, eta berreraiki egiten du artelana. Hori dute komunean Ormaiztegin ikusgai jarri dituen margolan guztiek: sortze prozesuan zehar suntsituak eta berreraikiak izan dira denak.
Unanuaren margolanak larunbatera bitartean ikusgai egongo dira Ormaiztegiko udaletxe azpiko aretoan. Suntsituz sortzen du izena erakusketak. Astean zehar 18:00etatik 20:00etara dago irekita, eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara.
Neurri ezberdinetako oihal gaineko margo koloretsuek osatzen dute erakusketa, baita margo horien zatiez osatutako eskultura txikien argazkiek ere. Unanuaren hitzetan, kaosa eta zoria dira bere lanen ardatza. «Beharrezkoa zait obrara sartu eta irtetea, sortu eta suntsitzea, bide berriekin topo egin eta berriz hastea».
Ezegonkortasunaren bila
Unanuak azaldu duenez, istripua bilatzen du sortze prozesuan. «Egoera desberdinak esperimentatzen ditut, koadroa borrokan galdu eta berriz berreskuratzeraino». Kolore indartsuen erabilera ere bada Unanuaren lanen ezaugarrietako bat. Ezegonkortasuna eta tentsioa bilatzen ditu kolore oso indartsuen bidez. Koadroa «atseginegia» izatea saihestu egin nahi izaten du.
Senak agintzen dionean suntsitzen ditu lanak Unanuak. «Aurrez emaitza batean pentsatu gabe hegan egitea, unean uneko astinduei aurre egin eta forma ematea da zentzumenak eta sentimenduak bizirik mantentzen dizkidana».
Unanuak «ekimen fisiko» modura definitzen du bere lana. Nahiago du fisikoki margotu, eta ez era digitalean, horrek akatsak berehala zuzentzeko aukera ematen baitu.
Salamancan (Espainia) arte ederretan lizentziatua da, eta EHUn pintura masterra bukatu berri du. Master horretarako margotutako lanak dira, hain zuzen, erakusketakoak.