Goierri beheak bikaintasuna aitortzen duen Europa mailako saria irabazi du
Estatu bakoitzetik, toki bat saritu dute. Gainontzeko hiru finalistak, Conil, Valles Pasiegos eta Ceuta izan dira. Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak Goitur zoriondu duteGoierri beheak Europar Batasunaren EDEN turismo saria irabazi du. Lehiaketa honek bi...
Estatu bakoitzetik, toki bat saritu dute. Gainontzeko hiru finalistak, Conil, Valles Pasiegos eta Ceuta izan dira. Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak Goitur zoriondu dute
Goierri beheak Europar Batasunaren EDEN turismo saria irabazi du. Lehiaketa honek bikaintasuna saritzen du eta aurten gastronomiarekin lotutako tokiak aukeratu dituzte. Estatu bakoitzetik toki bakarra saritzen dute. Irailean Madrilen jasoko dute saria eta abenduan Bruselan.Atzo eman zuten sariaren berri, Idiazabal Gaztaren interpretazio zentroan. Ekitaldian, Denis Itxaso Foru Aldundiko Turismo diputatuak, Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariak, Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariak eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak parte hartu zuten. Goitur izan da, hain zuzen ere, Goierri lehiaketa honetara aurkeztu duena.
Aurtengoa EDEN sarien zazpigarren edizioa izan da. Urtero Estatu bakoitzeko toki bat saritzen dute eta lehenengoz Euskal Herriko eskualde bat saritu dute. Estatu espainiarreko gainontzeko lau finalistak Conil (Cadiz), Kantabriako Valles Pasiegos eta Ceuta izan dira.
Urtero bikaintasuna saritzen dute, baina gaia aldatzen dute. Aurten, balio gastronomikoa hartu dute kontuan. Toki oso ezaguna (kontsolidatua) ez izatea eta turismoa bultzatzeko erakunde bat edukitzea (kasu honetan, Goitur) eskatzen dute. Azokei eta jatetxeek bertako produktuak erabiltzeari garrantzia handia eman diete.
Osinalde oso gustura azaldu zen. «Betirako EDEN sarean egongo gara. Diru saririk ez digute emango, baina sekulako promozioa lortuko dugu Europa mailan. Sari honek diru-laguntzak lortzeko erraztasunak emango dizkigu».
Eskerrak eman zizkien Goitur osatzen duten guztiei: Goierri beheko 18 udalak eta 104 enpresa. Jon Ubide bere lankidea eta urte hauetan guztietan Goiturrengan sinistu duten guztiak ere gogoratu zituen.
Egitasmo honetan sinistu ez dutenentzat ere hitzak izan zituen. «Hau Goiturri aitorpen bat da eta baita gugan sinistu ez dutenentzat abisu bat ere. Denok batera lan egiten badugu, Goierrik gora egingo du. Turismoa ere industria da, industria turistikoa. Ez dugu ezer txarrik egin artzainak gureganatuz. Eta hau bezalako museoak irekiz, ez diogu gaiari garrantzirik kendu. Goierrin, turismoak ez du zerikusirik 1997koarekin. Egun, Goierriko Barne Produktu Gordinaren %7,6 turismoari dagokio».
Jaurlaritza eta Aldundia
Garmendiak Goitur zoriondu zuen eta erakunde honetan instituzioek eta enpresa pribatuek elkarrekin lan egiten dutela azpimarratu zuen. «Hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat. Goitur da arlo pribatua bere baitan hartu duen Gipuzkoako agentzia bakarra», esan zuen.
Bestalde, EDEN sariek jasangarritasuna saritzen dutela ere gogoratu zuen. «Toki turistiko batek, kalitatezkoa izan nahi badu, ekimen pribatua eta publikoa uztartu behar ditu eta jasangarria izan behar da. Jasangarritasuna aipatzen dudanean, ingurumenaz, ekonomiaz eta arlo soziokulturalaz ari naiz».
Itxasok ere Goitur zoriondu zuen. «Harro sentitzen naiz hau delako nire lehen agerraldia Turismo diputatu gisa. Eskerrik asko, Niko. Gipuzkoan denek dakite fenomeno bat zarela».
Eskaintza gastronomikoa saritu izana azpimarratu zuen. «Gastronomia aintzat hartu dute eta ez dute Donostia edo kostaldea saritu. Gure marka Donostia da, baina Donostiara etortzen direnek barrualdea bisitatzea lortu behar dugu. 2016an gaztari buruzko kongresu bat egingo dugu eta Goierrik toki garrantzitsua izango du, noski».