Lan istripuen ardura zuzendaritzari dagokiola adierazi dute langileek
Azken asteetan Arcelor Mittalen hildako bi langileren heriotza salatzeko kontzentrazio bana egin dituzte Olaberrian eta Zumarragan. Hildako biak azpikontratatuak zirenOlaberriko eta Zumarragako Arcelor Mittaleko enpresa batzordeek eskari zuzena egin di...
Azken asteetan Arcelor Mittalen hildako bi langileren heriotza salatzeko kontzentrazio bana egin dituzte Olaberrian eta Zumarragan. Hildako biak azpikontratatuak ziren
Olaberriko eta Zumarragako Arcelor Mittaleko enpresa batzordeek eskari zuzena egin diote multinazionalaren zuzendaritzari: Lan Segurtasuneko legedia betetzen dela bermatzea eta langileen lan baldintzak zaintzea, bereziki azpikontratatutako langileenak, «langile talde horrek jasaten duen prekarietate egoerak eta lan baldintzek istripuak izateko arriskua areagotu egiten baitute».Arcelor Mittalek Euskal Herrian dituen lantegietan bost langile hil dira 2011z geroztik, horietatik bi azken asteetan. Ekainaren 25ean, hamabi metrotik erorita hil zen langile bat Zumarragako lantokian, eta uztailaren 3an, Sestaon hil zen beste bat, pieza astun batek azpian harrapatuta. Biak ala biak azpikontratatutako langileak ziren.
Heriotza horiek salatzeko eta hildakoen senideei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak egin dituzte egunotan enpresa atarietan. Zumarragan herenegun egin zuten protesta bilkura, eta atzo Olaberrian. Bietan enpresa batzordeak egin zuen kontzentraziorako deia.
«Zuzendaritzari gogorarazi nahi diogu bera dela langileon segurtasuna bermatzeko arduraduna, eta beraz, azken istripu hauen ardura ere berea da». Olaberriko enpresa batzordeak helarazitako oharrak dioenez, zuzendaritzak bermatu behar du Lan Segurtasuneko legedia betetzen dela, eta gai hori «garrantzitsutzat» jo behar du. «Gainera, langileoi ulertarazi behar diegu lan segurtasuna produkzioa baino garrantzitsuagoa dela».
Prekaritatearen arriskua
Enpresa batzordeak gogorarazi du azken asteotan Arcelor-Mittaleko bi egoitzetan hildako langileak azpikontratatutakoak zirela, eta hori hala izanda, zuzendaritzak haien lan baldintzak «are eta gehiago zaindu» beharko lituzkeela uste du. «Bizi duten prekarietate egoerak, eta dituzten lan baldintzek istripuak izateko aukerak handitzen dituzte». Olaberrian, esaterako, 450 langile inguru daude enpresaren kontratuarekin, eta beste 60 bat azpikontratatuta.
Istripuen areagotzea langile kopurua murriztearen, produkzio erritmoak areagotzearen eta atseden faltaren ondorio direla uste du enpresa batzordeak. «Zuzendaritzari eskaera hauek aintzat hartzeko eskatzen diogu, eta lankideei gogorarazi nahi diegu segurtasun neurriak areagotzeko eta lan-baldintza egokietan aritzeko lanean».