Beasaingo emakumeen elkarteak 25 urte beteko ditu azaroaren 9an. Berdintasuna helburutzat hartuta, emakumezkoen elkargunea izateko sortu zen eta gaur egun 300 bazkidetik gora biltzen ditu Asmubek.
25 urteko ibilbidearen laburpena egin du Asmubek
Duela 25 urte, Beasaingo udaletxean emakumeen eskubideen inguruko hitzaldiak antolatu zituzten. Harrera ona izan zuten hitzaldi haiek. Hitzaldien ondoren, solasaldia luzatzen zuten gainera, 20-25 bat emakumek. Solasaldi haietatik sortu zen Asmube, Beasaingo Emakumeen Elkartea eratzeko ideia. 1990eko azaroaren 9an asmoak egi bihurtu ziren; Beasaingo emakumeak elkartzeko gunea sortu zen.
Emakumeen inguruko gaiez hitz egin eta kezkak elkarbanatzeko lekua izateaz gain, emakumeei aisialdi eta formakuntza aukera eskaintzea zen Asmuberen helburua. Garai hartako emakumeek ziotenez, Asmubera joate hutsa urrats handia zen emakumeentzat. Erradikaltzat ere hartzen ziren Asmubera joaten ziren emakumeak. Antolatzen zituzten emakumeen afarietan, emakume asko eta asko, lehenengo aldiz senarrik gabe joan ziren afaltzera.
Garaiak asko aldatu dira eta Asmube bera ere bai. Horren lekuko da Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan jarritako erakusketa. 300 bazkidetik gora ditu gaur egun elkarteak. «Asmuberen sortzaileek esaten digute Asmube bera asko aldatu dela», dio Mari Paz Sanchez gaur egungo Asmubeko zuzendaritzako kideak.
Ikastaro eta tailer ugari
Bazkideen beharrak eta nahiak asetzen saiatzen dira Asmuben. Ikastaro eta tailer zerrenda luzea antolatzen dute urtero. «Askotan esaten da Asmubek tailerrak bakarrik antolatzen dituela, baina bazkideek hori eskatzen dute. Formaziorako ekintzak edo hitzaldiak antolatzen ditugu baina ez dute erantzun onik izaten», zehaztu du Maria Jesus Canok. Pilates, yoga, jostea, marrazketa, xakea, dantza mota desberdinak, irakurketa tailerra, abesbatza, antzerkia…. aukera zabala dute Asmubeko bazkideek.
Herri mailan antolatzen diren ekintza askotan ere parte hartzen dute. Adibidez, udalak antolatzen duen Berdintasun Foroan. Berdintasunaren gaia dena den, gizarteko arlo eta eremu guztietan landu behar dela uste dute Asmubekoek.
Martxoaren 8ko ekitaldiez gain, azaroaren 25ean emakumeen indarkeriaren aurkako egunean elkarretaratzea antolatzen dute.