Lekaiok behi aziendei buruzko dokumentala aurkeztuko du larunbatean
Emanaldia Urretxuko udaletxeko sarreran izango da, 19:30ean. Irudiak Agerre, Dornaldegi, Ipeñarrieta eta Iturbenen hartu dituzte. Hurrengo dokumentala egurrari buruzkoa izango daUrretxuko Lekaio kultur elkarteak behi aziendei buruzko dokumentala aurke...
Emanaldia Urretxuko udaletxeko sarreran izango da, 19:30ean. Irudiak Agerre, Dornaldegi, Ipeñarrieta eta Iturbenen hartu dituzte. Hurrengo dokumentala egurrari buruzkoa izango da
Urretxuko Lekaio kultur elkarteak behi aziendei buruzko dokumentala aurkeztuko du larunbatean. Emanaldia udaletxeko atarian izango da, 19:30ean.Ikus-entzunezkoak 25 minutuko iraupena du eta bertan behi aziendek herrian izan duten bilakaera azaldu dute. Haragitarako behiak hazten dituzten Dornaldegi baserrikoekin eta esnetarako behiak dituzten Age- rrekoekin hitz egin dute. Gainera, bideoan belar-biltze prozesua ikus daiteke.
Lekaiokoek urtero gai bat jorratzen dute. 2012an gariarena aztertu zuten eta urte hartan erabaki zuten lehenengoz irudiak grabatzea. «Xehetasun askok ihes egiten zigutela ikusi genuen eta horregatik erabaki genuen irudiak hartzea», azaldu du Xabi Lasa Lekaioko kideak. Grabatutako irudiekin dokumentala prestatu zuten.
Garai bateko bizimodua nolakoa zen jasotzen ari dira. «Gure helburua transmisioa da eta baserritar talde baten laguntza dugu. Oso inplikatuta daude. Ondo dakite beraiek direla bizimodu tradizionala ezagutu duen azken belaunaldia. Garai bateko ustiaketa modua ezagutzen duen azken belaunaldia, eta jakinduria hori guztia beraiekin joango da. Izan ere, egun baserria industria bat da».
Urretxuko baserritarren eta Lekaioren lanari esker, etorkizuneko belaunaldiek garai batean nola bizi ziren jakiteko aukera izango dute. Behi aziendak nolakoak ziren jakingo dute, adibidez. «Dokumentalean lehengo eta egungo ereduak aztertu ditugu. Horretarako, Agerreko eredua eta Dornaldegikoa aztertu ditugu. Irudiak bi baserri horietan, Iturbenen eta Ipeñarrietan hartu ditugu. Iturbenen behi jeztea grabatu dugu eta Ipeñarrietan garai bateko belar-biltzea», azaldu du Lasak.
Gauzak asko aldatu dira azken hamarkadetan. «Lehen behiak lanerako erabiltzen ziren bakarrik: etxerako ziren, ez ziren esplotatzen. Orain lehiaketak, garapen zentroak… daude», aipatu du.
Baserritarrei esker
Dokumentala ikastetxeetan banatuko dute eta kultur etxean salgai jarriko dute. Lekaiorekin lan egiten duten baserritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie. «Beaingoak, Etxaburukoak, Mendizabalekoak… ere gure taldeko kideak dira. Beraiek dira hau guztia posible egiten dutenak. Sekulako zortea dugu», aitortu du.
Hurrengo dokumentala basoko lanei buruzkoa izango da. Datorren urtean aurkeztuko dute. «Urretxuko jaietan egurrak basotik sutara egiten duen bidea erakutsi genuen. Datorren urteko Santa Anastasia jaietako Euskal Jai egunean, berriz, basotik eraikuntzara egiten duen bidea erakutsiko dugu», amaitu du Lekaio elkarteko kideak.