Eskolarteko Bertsolari Txapelketako lehen saioa
Eskolarteko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa saioa jokatuko dute etzi Legazpin. 15:00etan, idatzizko proba egingo dute Haztegi Ikastolan. Proba horretan Gipuzkoako eskoletako haurrek parte hartzen dute, hamalau urte bitartekoek.Ondoren, 16...
Ondoren, 16:00 aldera, saio didaktikoa izango da Latxartegi aretoan. Saio didaktikoan bertso eskolako hainbat gaztetxok jarritako bertso sorta bat abestuko dute. Horrez gain, Agin Laburu eta Nerea Elustondo bertsolariak izango dira, bat bateko bertsoak abesten. «Saio didaktikoa ez da txapelketan sartzen», azaldu du Asier Iriondo legazpiarrak.
Azkenik, 19:00etan, hamalau eta hemezortzi urte bitartekoen kanporaketa jokatuko dute Muruazpi elkartean. Bertso afari formatua izango du kanporaketak, eta sei bertsolarik parte hartuko dute: Ane Beloki legazpiarra, Gartxot Ramirez zaldibiarra, Oihana Arana, Gontzal Belategi, Marixe Ruiz de Austri eta Bittor Zubiagirre. Gai jartzen Asier Iriondo izango da.
Gaur da bertso afarirako sarrerak erosteko azken eguna. Hamabi euroan daude salgai, www.bertsosarrerak.eus webgunean. Datozen kanporaketetakoak ere eros daitezke dagoeneko.
Finala Eibarren, apirilean
Eskolarteko txapelketa Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak antolatzen dute, lurralde mailan. Legazpikoa izango da lehenengo kanporaketa saioa. Ondoren, ostiralero egingo dituzte kanporaketak Gipuzkoako herri ezberdinetan. Goierrin beste kanporaketa bat jokatuko dute, martxoaren 4an, Ataunen. Finala, berriz, Eibarren jokatuko dute, apirilaren 17an.